Gorbeiatik eta Oketa menditik jaisten diren hegaletan Acosta/Okoizta dago, 663 metrora, Aldai mendiaren behealdean. Herrira Gopegitik sartuko gara, Zestafera ere doan errepidearen bidez; aipatutako errepidea bitan banatzen da aipatutako herrietara iritsi baino lehen.

1556an 22 familia bizi ziren Acosta/Okoiztan.  Handik mende batera, biztanle kopurua erdira murriztu zen.   XVIII. mendean biztanleria suspertu egin zen. Garai hartan Acosta/Okoiztak 22 familia zituen, eta mendearen amaieran 25. XX. mendearen hasieran 19 bizilagun ziren, eta ondoren 24; guztira, 135 biztanle.  XX. mendetik aurrera gero eta gutxiago izan ziren, eta 1970ean zazpi familia eta 45 biztanle ziren.  Egun, Acosta/Okoizta zabaldu egin da eta etxe eta herritar gehiago ditu: 52 biztanle dira.  

Milaka urteko historia

IX. mendean (871. urtea) izan genuen “Ocoizta” herriaren inguruko lehen berria, han “San Vicente de Ocoizta” monasterioa baitzegoen. Aemilianensis zenobiokoa zen.  Donemiliagako Kartularioan monasterioa aipatzen da, Arroncio jaunak, Tello semeak eta beste pertsona batzuek “San Vicente de Ocoizta”ri eta Santa Grazia eta Done Martie (San Martin) elizetako Pedro abadeari (Estabillon daude biak) egindako dohaintzen ondorioz, eta zenbait jabetza eta esparru ere gehitu zituzten. 1067an, “San Vicente de Ocoizta” monasterioak zenbait dohaintza jaso zituen Gorostitzan eta Egagoienen (Etxaguen), eta Nuño apezpikuak Done Millani eskaini zion.

Dohaintza horiek guztiak   —dohaintza-eskutitzak berak azaldutakoaren arabera— “ubi iniciat via Zatica” (bide Zatikoa hasten den lekuan), “sub defesa Erihehi usque ad via de Olleros” (Eribeko dehesaren azpian Olleros bidera arte) zeuden, Gorbeiako hegalak inguratuta.  Monasterioak Abarka izeneko Antso Gartzes II. errege nafarraren onarpena zuen; erregeari esker, abadeak lortu zuen elizbarrutiko apezpikuari tertziarik ordaintzeko beharrik ez izatea.

“Ocoizta” herria, hortaz, IX. mendetik agertzen da.   Milaka urteko igarotze-lekua izan zen Zigoitia zeharkatzen dituzten bideetan ibiltzen ziren mandazainentzat, eta goi Erdi Arotik dago horren inguruko agiriren bat: “Bide Zatikoa” edo “Olleros bidea” zen (Zaitegitik Ollerietaraino), eta ondoren, “ikazdunen bidea” izena hartu zuen (Aramaiotik Urduñara).

Zigoitiko ordenantza zaharren arabera (1609an berritutakoak), Acosta/Okoizta Ermandadeko hirugarren kuadrillan zegoen (lau ziren guztira).  Gopegik, Larrinoak, Muruak, Etxaguenek, Gorostitzak, Acosta/Okoiztak eta Zestafek osatzen zuten aipatutako Kuadrilla.

Acosta/Okoiztaren herrigune garrantzitsuena “Lisalde” auzoa izan zen (elizaren ondoan).  1737. urteko ordenantzetan jasota eta berretsita daude “antzinatik jasotako” ohiturak, erabilerak eta usadioak.

Acosta/Okoiztako herritarrek batez ere abeltzaintzan egiten zuten lan, larreez eta basoko fruituez baliatzen ziren.  Hori dela eta, XVI. mendeko agirien arabera, Okoiztako Done Bikendiren (San Bizente) eliza-parrokian “elkartzeko erabilera eta ohitura” zuten, mendien aprobetxamenduen inguruko gaiez hitz egiteko; “Berrikano, Eribe, Acosta/Okoizta, Zestafe, Etxaguen eta Gorostitza kontzejuak elkartzen ziren”.

San Bizente eliza

Ez dakigu non eta noiz arte egon zen Done Bikendi (San Bizente) monasterioa.  Baina ematen du egungo parrokiaren eraikuntza gotikoa (XV. mendea) monasterioaren ondorengoa dela, eta Done Bikendi (San Bizente) izena hartu zuela (Acosta/Okoiztako zaindaria); gainera, garai jakin batzuetan ordena monastikoko zenbait parroko edo erlijioso izan zituen.  

1589an, dagoeneko, Acosta/Okoizta parrokian Arrosarioko Andra Mariaren  Kofradia zuten, “Zigoitiko Ermandadeko kapera-seme zaldunena”; kide ziren eskualde osoko eta alboetako herrietako zenbait anaikide noblek, baita Gasteizko batzuek ere.  

Fabrika gotikoko eraikuntzak oinplano angeluzuzena du, goiburua zuzena da eta hiru tarteko nabea du. Nerbio-gangekin estalita dago, eta gangan izarrak, Done Bikendi (San Bizente) eta, agian, Done Millan daude irudikatuta.

Erretaula nagusi neoklasikoa XIX. mendearen erdialdekoa da, eta aurreko beste “zahar” baten ordez jarri zuten.  Erdiko horma-hobian Done Bikendiren (San Bizente) irudia dago, eta zutabeen artekoetan, San Josef eta San Antoniorenak.  Irudiak “Pagoetako santu-egileak” izeneko zirkulukoak dira, eta Alejandro de Valdivielsok egin zituen.

Alboko erretaula Andra Maria Arrosariokoari eskainitako dago, XIX. mendekoa da, eta izen hori duen Kofradiak jarri zuen.

Kanpai-horma ez oso garai baten ordez egungo dorrea eraiki zuten. Dorrean lehen erlojua jarri zuten 1879an, eta bi kanpai XVII. mendearen hasieran. Ondoren, 1865ean, dunba jarri zuten.

Atxikita dagoen hilerrian (“gobernuak aginduta egin zen”), Acosta/Okoiztako bizilagunak hilobiratzen hasi ziren 1811n. Ordura arte, elizaren lauzen azpian sartzen zizuten, mezetan igandero pizten dituzten kandelek gogoratzen diguten bezala.  Hilerriaren atean, armarri handi bat dago, eta “tao” edo San Antonioren gurutzea du.

Acosta/Okoiztako jaiak

Done Bikendi (San Bizente) egunean, urtarrilaren 22an, ospatzen dira. Oso ezagunak dira eta jende askok hartzen du parte santuaren ohorezko erlijio-ospakizunetan eta, hotz handia egiten badu ere, jai-giroa animatzen duten ekintza ugarietan.

Gainera, txoko bat du, eta asteko zenbait egunetan herriko hainbat lagun biltzen dira.     

Inguruneak

Mendigan
Iturri Zaharra
Krutzalde
Iturri Berria

Irudi galeria

Kokapena
Abadelaueta elkarte etnografikoa
Pribatutasunaren laburpena

Cookie propioak eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu webgunearen erabilera aztertzeko eta bisitatutako orriei eta gure bisitariek egiten duten nabigazio motari buruzko informazioa lortzeko. Cookie Politikan erabiltzen ditugun cookieei buruz gehiago ikas dezakezu edo ezarpenetan horiek desaktibatu.