Apodaka herria Zigoitiko udalerriko hego-mendebaldean dago. Foronda udalerri zaharreko herriak ditu mugakide; egun, Gasteizen sartuta daude aipatutako herriak.
Handik gertu Gasteiz-Altube autobidea dago (N-622), eta hortik herrira iritsiko gara Gopegirako bidegurutzea hartu, eta berehala Apodakara desbideratzen bagara.
Batezbesteko garaiera 550 metrokoa da, eta udalerriko herrien artean, leku baxuenean dago.
Historia
Ez dakigu noiz sortu zen Apodaka herria, baina aipatuta dago Donemiliagako Reja izenekoa ordaintzen zuten arabar herrien zerrendan, 1025. urtekoan, alegia. Agiri horretan ez da esaten ondoren Zigoitia izena izango zuenaren barruan zegoenik (garai hartan, Zuffia de Suso eta Zuffia de Yuso), Divina barrutian zegoela baizik, Mendebaldeko Lautadatik gertuko beste herri batzuekin batera.
Erdi Aroan, komentu bat zegoen Apodakatik gertu, eta ohituraren arabera, zaldun tenplarioena izan zen; ondoren, Maltako Done Joanes (San Joan) zaldunen ordenak hartu zuen horren ardura. Eliza, Askoako Andra Maria, baseliza izan zen XVIII. mendera arte. Herriko elizan ondoko lekukoak gelditzen dira: Askoako Andra Mariaren irudia (Andra Mari motakoa) eta baselizako bi kapitel; horiek guztiak XIII. mendekoak dira.
Biztanle kopurua egonkorra izan du, urteen barrena zenbait gorabehera izan baditu ere: 1570. urtean 33 herritar ziren, eta aurreko mendearen amaiera arte 100 bat biztanle inguru izan dira beti; egun, 163 dira.
Apodakako ohiko ekonomia nekazaritzan (zerealak eta erremolatxa, batez ere) eta abeltzaintzan oinarritu da. Abeltzaintza desagertu da eta, gainera, ez dago bakar-bakarrik nekazaritzari esker bizi den inor. Azken hamarkadotan, inguruan zenbait lantegi eta biltoki jarri dituzte hainbat jarduera gauzatzeko.
Herrigunea
Apodakako lehengo baserriak bi auzotan daude: Goikolanda edo Goiko Auzoa elizaren inguruan, eta Bekolanda edo Beheko Auzoa, ibaiaren ertzetik gertu. Aurreko mendeko amaieran hirugarren auzo bat sortu zen, Parranburu urbanizazioan zenbait etxe berri eraiki zituztenean.
Goikolanda auzoan eliza eta herriko elementu komunak daude: kontzeju-etxea, orain dela gutxi zaharberritutako txoko eder batekin, bolatokia eta iturria.
Done Martie (San Martin) parrokia nabarmentzen da gainontzeko eraikinetatik. Nabe bakarreko eraikin bat da, areto-oinplanoa du eta barrualdean zenbait kontrahorma ditu. Presbiterioko ganga izar-itxurakoa da, XV. mendearen amaierakoa; tenpluaren gainontzeko atalak baino zerbait zaharragoa da. Hiru tarteak nerbio-ganga tertzeleteduneko gangekin estalita daude, eta XVI. mendekoak dira. Erretaula rokokoa askotan zaharberritu dute.
Askoako Andra Mariaren irudia oraindik han da (XIII. mendearen amaierakoa); Enkomenda tenplario zaharretik ekarritakoa.
Inguruneak
Herrigune nagusitik kanpo baziren hiru ostatu, Arabako Lautada, Bizkaia eta Gipuzkoa lotzen zituzten bidegurutzeetan: Grillo eta Lendiako ostatuak ziren. Hirurak desagertu ziren autobidea eraiki zutenean.
Mendebaldean, bi zuloko zubi zahar bat zeharkatuz, Arrato mendiak daude; ez dira oso garaiak: gailur nagusiak Amaritu (788 metro) eta Armikelo (888 metro) dira. Mendi horietako landaretza, alboko Gorbeiaren aldean, batez ere mediterraneokoa da, arteak, “guirguirio” izenekoak eta gurbitzak dira nagusi.
Arrato mendilerroaren oinaldean antzinako Enkomienda tenplarioa zegoen; ondoren, Askoako Andra Maria baseliza bihurtu zen.
Apodaka izenak ondotik igarotzen den ibaiari aipu egiten dio (“apud aquam” uraren ondoan), eta hortik Zadorrara iritsi arte Zalla izena du ibaiak. Dena dela, Apodakatik gora, Gorbeia menditik jaiotzen denetik alegia, Zubialde izena du gaur egun, nahiz eta badiren dokumentu zaharrak jaiolekutik Zalla izenarekin. Erdiko tarte horretan, ibaiak zenbait zulo ditu; ura barrura sartu, eta ondoren azaleratu egiten da, adibidez, Lendia putzuan (Apodaka herritik gertu). Lendia ahoaren aurrealdean estolda-zulo bat dago, eta azpiko ura Forondaraino eramaten du; pixka bat aurrerago Ugaon sortzen den beste bat dago (errota baino lehen) Etxabarri Ibiñara doan bidean; horrek, errotatik igaro ondoren, berriz Iturrizabaleta ibaira eramaten du ura.






