Leku lau txiki batean dago; Lautadatik Zigoitiko ibarrera joateko igarobidea da. Handik gero eta jende gehiago joaten da komunikazioak hobetu direlako eta antzinako partzela-bideak asfaltatu zituztelako 2000. urte inguruan.

Historia

1257an Verricano zen, eta 1294an Berrikano; kutsu latino handiko izena da, Araban ohikoa den bezala.  Dena dela, lehengo aipamen historikoak XIII. mendekoak dira, ibarreko herri askotan gertatu den bezala, Jeronimo Aznar Calahorrako apezpikuaren eskutitzean jaso baitzen, non Tarifako kanpainarako bigarren aldiz emandako diru kopurua agertu zen; Etxebarri eta Mendarozketa kenduta, Zigoitian gehien eman zuena izan zen. Horrek egoera ekonomikoa ona zela adierazten du, eta eliza erromanikoaren aberastasunak ere hala adierazten du (mende berekoa da).

Berrikano 1970 aldera

Oparoaldi ekonomikoaren berri agertzen da XVI. mendeko agirietan, egungo eliza handitu zutenean eta 1560. urtean, gutxi gorabehera, erretaula platereskoa eraiki zutenean. Garai hartan Berrikanok hogei bizilagun zituen, eta handik aurrera kopurua murrizten joan zen:  XVII. mendeko krisialdian, zazpi ziren, hamar XVIII. mendean eta hamaika hurrengo mendean, hirurogeita hamar bat biztanle.

XX. mendeko agiri anitzetan 30-40 biztanle aipatzen dira; 12 etxe zeuden hasieran, gero zazpira murriztu zen kopurua (20 biztanle), 80ko hamarkadan. Zazpi etxeek Buruagako bide zaharraren lerroan ziren, eta erdian eliza zegoen.  Egun, nukleo zaharra mantendu da neurri handi batean, baina horietako hiru etxe zaharberritu egin dituzte.  Batzuek ohiko ohitura, leihoburuak, eskudeteak eta gurutzeak dituzte.  

Laurogeita hamargarren hamarkadatik aurrera asko handitu da herria, batez ere hegoalderantz. Zenbait urbanizazio txiki egin dira, eta horri esker, inoiz baino etxe gehiago ditu: 2013an 70 bat etxe eta 101 pertsona erroldatuta ziren, gehi egoiliarrak eta 14 adingabe.  Ibarrean proportzionalki gehien hazi den herria da.

Herriaren ekonomia nekazaritzan eta artzaintzan oinarritzen zen, baina bertan behera geratu ziren; dena dela, egun guztira bi familia bizi dira lan horri esker (lan horri soilik edo beste lan batekin batera).

Edateko ura eta argia Berrikanora 1977. urtean iritsi baziren ere, beste zenbait lan laurogeita hamargarren hamarkadan egin ziren, herria handitu zenean, adibidez, estolderia eta asfaltatze-lanak.  Urte haietan konpondu zituzten eliza eta herriko bolatokia.  Ondoren, hilerria zaharberritu zuten, hiru jolas eremu jarri zituzten eta Kontzeju aretoa eraiki zuten 2002. urtean. Horiekin guztiekin, herriak baditu behar dituen zerbitzu guztiak.

Harlandu elkarteak jarraitu du erakundeek herria berpizteko hasitako dinamikarekin, eta zenbait kultura-, gastronomia- eta kirol-ekintzak antolatzen ditu; adibidez hiru bolo talde daude, eta blogaren bidez suspertzen ditu.

Louis Lucien Bonaparteren arabera, 1860. urtean, gutxi gorabehera, Buruagan oso euskaldun gutxi ziren; hortaz, euskara garai hartan galdu zutela esan dezakegu.

Herriko jaiak irailaren 8an, Andra Maria Birjinaren Jaiotzaren egunean, ospatzen dira.

Ateburua
Sakofagoa
Gurutzea
Kontzeju-etxea

Jaiotzaren eliza

Egungo elizak lotura estua du Berrikanon jaiotako Joan Saenz de Buruaga jaunaren irudiarekin (1707-1777). Segovian kalonje, Lugoko apezpiku, Zaragozako artzapezpiku, eta errege-aholkulari izateaz gain, zenbait dohaintza egin zituen eta eliza asko aberastu zuen:  zoladura, alboetako erretaulak eta urreztatzea, hasiera batez; eta ondoren, erdialdeko erretaula eta zenbait dohaintza garrantzitsu egin zituen (esaterako, erlikia-ontziak eta apaindurak).  Hil ondorengo beste zenbait dohaintzari esker (denak agirietan jasota daude), elizaren dorre neoklasikoa altxatu zuten (bi gorputz ditu) XVIII. mende amaieran.

Harlangaitzezko eliza angeluzuzenak bi alboko kapera ditu goialdean, eta apaizaren etxea eta horren gelak ditu atxikita (1802) —egun,  etxebizitza da—, baita sakristia ere. Kanpoaldean bi leiho interesgarri ditu, erromaniko bat ekialdean, eta abside itsu bat duen beste bat, artzapezpikuaren armarriarekin, 1859. urtean jarritakoa; herrian eraikitzen agindu zuen jauregitik ekarri zuten. Jauregia XIX. mendearen erdialdean desagertu zen.

Barrualdea ez da oso handia, baino balio handiko multzoa da.  XVIII. mendeko bigarren erdialdean urre-koloreko erdiko erretaula eraiki zuten, eta dohaintza egin zuenak erabaki zuen erretaula errenazentistaren “hamabi istorio” ederrei markoa jarri, eta elizaren nabean jartzea.  Artzapezpikuaren inguruko beste zeinu batzuk badira: apezpiku-sinboloak dituen baranda eta hilobi-harlauza presbiterioan.

Alboetako urre-koloreko erretaulak San Prudentzio eta Andra Maria Arrosariokoari eskainita daude. Horiek eta sakristiak (apaingarri anitzekin) edertasun eta aberastasun handiko barrualdea osatzen dute .

San Rokeren irudia, aldarearen ondoan, ermita zaharraren aztarna gutxietako bat da. Eriberekin partekatzen zuten San Roke ermita, eta joan den mendeko berrogeita hamargarren hamarkadan erautsi zuten.

1838. urtean, lehen gerra karlistaren amaieran, Zurbano jeneral liberalak eliza erretzea agindu zuen, baina azkar alde egin zuenez, laster itzali zuten sutea eta ez zuen kalte konponezinik sortu.

Inguruneak

Elizaren ondoan harrizko gurutzeria dago, Gurutziltzatuaren erliebeak ditu albo batean, eta bestean Andra Maria umearekin. Gurutzea zutabe joniko ildaskatuaren gainean dago. Herriaren irteeran, Gopegi-Ondategirako bidean eta herritik oso gertu, iturria eta garbitokia daude; oso ondo zaharberritu dituzte. 

Iturri-garbitegia
Etxe zaharrak
Gurutzea
Menutendu

Irudi galeria

Kokapena
Abadelaueta elkarte etnografikoa
Pribatutasunaren laburpena

Cookie propioak eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu webgunearen erabilera aztertzeko eta bisitatutako orriei eta gure bisitariek egiten duten nabigazio motari buruzko informazioa lortzeko. Cookie Politikan erabiltzen ditugun cookieei buruz gehiago ikas dezakezu edo ezarpenetan horiek desaktibatu.