Etxabarri Ibiña muino batean dago, eta arabar Mendebaldeko Lautada eta Vitoria-Gasteiz hiriburua (9 kilometrora baino ez dago) ditu azpian.
Zigoitiko udalerriko hegoaldeen dagoen herria da, Apodakarekin batera, eta itsasoaren mailatik 560 metrotara dago.
Antzina-antzinatik oso leku garrantzitsua izan da zenbait bide handik igarotzen zirelako. Egun, handik gertu ere dago Gasteiz eta Altube arteko N-6222 errepidea eta AP-1 autopista (Frantziara doana Deba ibarretik) lotzen dituen bide-korapiloa.
Gasteiztik Etxabarrira sartzeko, N-622 errepidetik irten beharko gara AP-1 autopistara doan irteeratik, ondoren A-3604 errepidea berriz hartuko dugu, Gorbeia Merkataritza Gunera eta Etxabarri Ibiñara doana.
Historia
Herriak izen hori du Erdi Aroan Divina barrutian zegoelako (handik dator Ibiña), baina ez da agertzen 1015. urteko Donemiliaga Rejako herrien zerrendan (Apodaka, aldiz, bai). Aznar apezpiku jaunak aipatu zuen lehendabiziko aldiz 1257. urtean, eta Echavarri Diviña izena zuen.
Infanterriko Dukearen ermandadekoa izan zen, Zigoitiko gainontzeko herriak bezala.
Etxabarrin bi bide garrantzitsu zeuden: iparraldetik hegoaldera, arabar hiriburua Bizkaiko lurrekin lotzen zuen bidea; eta bestalde, Mandazainen bidea izenekoa, Zigoitira sartzen zena Forondatik eta Mendarozketatik ekialderantz irteten zena. Leku horretatik egun doazen bi errepideen antzeko ibilbidea egiten zuten aipatutako bideek. Bide horietatik zihoazen ibiltariei arreta emateko, Etxabarrin erromesen eta ibiltarien ospitalea zegoen, eta XVIII. mendearen amaiera arte egon zen irekita.
Herrian jaiotakoen artean, batzuk nabarmendu ziren euren karrera militarra edo eliza-karrera zela-eta; jatorri jakin batzuetako bertako familietako kideak ziren. Garai hartako oroigarriak dira etxeetan oraindik dirauten zenbait elementu, esaterako, aurrealdeetan ikusi ahal ditugun armarriak.
1570. urtean 20 herritar zituen; XVIII. mendearen amaieran kopurua 37 biztanlera handitu zen, eta 1970. urtean, berriz, 10 baino ez zituen. Urte hartatik aurrera, Etxabarrira beste herritar batzuk etorri ziren, eta zenbait etxebizitza eraiki zituzten jatorriko herriaren inguruan. Arabar hiriburutik gertu dagoelako, autobidearen bidez komunikazioa ona delako eta handik ikusten diren panoramikak ederrak direlako etorri ziren. Hortaz, Etxabarri Ibiña Zigoitian biztanle gehien dituen herria da egun.
Dena dela, 70eko hamarkadan gertatu ziren aldaketa handienak paisaiari dagokionez, autobidea eraiki zutenetan eta Kas fabrikaren ontziratze-instalazioa ezarri zutenean; eta aldaketa horiek guztiak amaitu ziren mende berria hasi zenean, Gorbeia Merkataritza Gunea eta AP-1 eraiki baitzituzten.
Herrigunea
Etxebizitza modernoak ugaritu direnez, Etxabarrik, landa-herri bat baino, bizitoki-eremu berri bat ematen du. Dena dela, landa-arkitekturako zenbait adibide interesgarri ditu etxeen artean, baita erlijio-arkitektura eta arteko zenbait adibide ere elizan.
Hegoaldetik sartzen garenean, merkataritza gunea ezkerraldean uzten badugu, harrizko gurutzadura eder batekin egingo dugu topo; Gurutziltzatuaren irudia du alde batean, eta bestean Pietatearena; inskripzioak antzinatasuna adierazten digu: 1648. Ez da gurutzaduraren jatorrizko kokalekua; izan ere, aurreko mendearen amaieran hara eraman zuten Kurtzebeatik, han baitziren lehen aipatutako bi bide zaharrak.
Herriaren bestaldean, iparraldean, San Roke baseliza dago; egun, hilerria da, eta 1601. urtekoa da. Eremu horretan biktima ugari sortu zuen izurri baten ondorioz eraiki zuten.
Jatorrizko herria osatzen duten etxeen artean, badira antzinatasuna eta eraikuntzen sendotasuna erakusten duten zenbait adibide, eta hainbat elementu dituzte: arkuren bidezko edo forja onez egindako nabarren bidezko sarrera, eta biztanleen noblezia erakusten duten beste zenbait elementu, esaterako, armarri heraldiko anitzak.
Elizaren mendebaldean, eraikuntza bitxi bat nabarmentzen da txaleten gainean. Dorre gotortu beheratu zahar bat da; XVII. mendean Doneztebe (San Esteban) baseliza bihurtu zuten. Hormarrien fabrikan oraindik daude bi arku zorrotzak eta gezileiho hesituaren aztarnak. 2022 eta 2023an indusketa arkeologikoak egin dira eraikuntza errekuperatu eta iharduera kulturaletataro erabiltzeko asmotan.
Andra Mariaren Jasokundea eliza
Eremuko gainontzeko herri guztietan bezala, eliza da eraikuntza nabarmenena. XV. eta XVI. mendeetan eraiki zuten beste eliza erromaniko baten gainean; azken horren hondakinen bat oraindik han dago. Albo batean, estilo neoklasikoko dorrea (kupularekin) nabarmentzen da.
Bi nabe dira; bakoitzak hiru tarte ditu, eta zutabe lodien bidez banatuta daude. Iparraldean sakristia eta kapera bat dago (garai hartako abizen garrantzitsuen armarria nabarmentzen da). Presbiterioko ganga izar-itxurakoa da, eta tenpluaren gainontzeko atalak nerbio-ganga tertzeleteduneko gangekin estalita daude.
Erretaula nagusia XVI. mende amaierako edo XVII. mende hasierako multzo bat da. Esteban de Belaskoren tailerrean egin omen zuten, eta eskulturetan Antxietaren eragina ikusten da.
Arte-balio handiko elementuen artean, alboko nabeko erretaula txikia nabarmendu behar dugu; Erdi Aroko bi tailu ditu: Andra Maria eta Done Bartolome, biak XIII. mendekoak.
Inguruneak
Herriaren oinaldean biltoki eta industria-eraikin multzo bat osatu dute, eta sartzeko lotunearekin eta autobidea eta autopistarekin batera, guztiz desitxuratu dute paisaia. Nahaste horren artean, badago izaera bukolikoa duen txoko bat: errota zaharra, Iturrizabaleta ibaia sortzen den lekuan.
Jaiak
Abuztuaren 15ean, Andra Mariaren Jasokundearen egunean, eta 16an, San Roke egunean, ospatzen dira.






