2000. urtean asfaltatze-lanak egin arte, errepidea Buruagan amaitzen zen: Eribek, Berrikanok eta Buruagak osatzen zuten triangeluaren azken muturra zen. Aipatutako herrien arteko bizitza soziala oso lotuta egon da hurbiltasuna, senidetasunak, berdintasunak eta komunikazio eza direla eta.
Buruagak Zigoitiko ibarraren amaiera eta Lautadarako sarrera markatzen ditu 609 metroko garaiera duen muinotik. Horri esker, leku pribilegiatua dugu.
Historia
1087an, dagoeneko, egungo izenarekin idatzita agertu zen agirietan. Urte hartan, zenbait noblek Kukulako Done Millan monasteriori Buruagan lurra eta zenbait dohaintza “hiru nekazari-morroirekin” eman zizkioten. Nekazari-morroiak Galindo jaunaren lurrei atxikitako kolonoak ziren.
1257. urtean herrien nominan (Jeronimo de Aznar Calahorrako apezpiku jaunaren garaian agindutakoa), hurbileko ondoko eremuak aipatzen dira: “Guernica” eta “Ullivarri Araca”. 1292an Buruagak 360 marabedi eman zituen Tarifaren aurkako kanpainarako. Kopuru handia zen, inguruko herriek emandakoaren aldean, eta horrek garai oparoa zela adierazten du.
Buruagako bizitzak eta biztanleek lotura sendoa dute nekazaritzako ekonomiarekin, bai une onenetan (XIII. eta XVI. mendeetan, hogeita bederatzi bizilagun eta sei apaiz onuradun zituen), bai une latzenetan. Esaterako, XVII. mendean landa-krisialdia oso gogorra izan zen, eta biztanle kopurua eta aberastasunak asko murriztu ziren.
Zerbait berpiztu ondoren, XVIII. mendean hogeita hiru bizilagun (112 biztanle) ziren, denak nekazariak. Pixkanaka kopurua murrizten joan zen XX. mendera iritsi arte. Mende hartan, hogeita hamar bat biztanle izan zituen ia beti, 1982an 22 baino ez baziren ere.
Laurogeiko hamarkadan azken urteetan, bederatzi etxe zeuden; horietako lau zaharberritu zituzten eta jatorrizko itxura dute oraindik ere; beste hiru guztiz abandonatu zituzten, bat eraitsi zuten eta artzainaren etxea Kontzeju-etxe gisa erabiltzeko zaharberritu zuten. Isolatuta bazegoen ere, edo agian isolamendua dela eta, hazkundea oso motela baina armonikoa izan zen urte haietatik aurrera antzinako bideak osatzen duten ardatzean.
Louis Lucien Bonaparte printzearen arabera, 1860. urtean, gutxi gorabehera, Buruagan oso euskaldun gutxi ziren; hortaz, euskara garai hartan galdu zutela esan dezakegu.
Buruagari buruz gorde eta sailkatu den dokumentazioak oso datu historiko interesgarriak erakusten ditu, adibidez, zuraren zenbait artisau zirela, 1600. urte inguruan jostun bat zutela eta XVIII. mendearen amaieran mihise edo liho fabrika zutela. Gainera, hurbileko herriekiko muga-harremanak, ohiturak edo herriko historiaren zenbait pasarte ere jaso ditu, eta dokumentazioagatik ez balitz, ez genituzke ezagutuko.
Buruagako egungo ekonomia zerbitzuen menpe baldin badago eta Gasteizekin lotura badu ere, nekazaritza-ohiturarekiko nolabaiteko harremana ere badu: bi familiak nekazaritzan egiten dute lan (guztiz edo modu partzialean), beste batek trokelatze-tailerrean artisautza-industriarekin jarraitu du eta abeltzaintzak dirau behi eta ardien granja bati esker.
Herriko estolderia, argiteria eta asfaltatzearen oinarrizko zerbitzuak 2006tik aurrera egin badira, eta errepideak, edateko urak eta argiak 35-40 urte baldin badituzte ere, Buruagako hogeita bi etxek eta 43 bizilagun erroldatuk bizitzeko moduko talde atsegina osatu dute iturria eta Kontzeju etxea berritu eta berreskuratu ondoren.
Jaiak iraileko lehen larunbatean ospatzen dituzte.
San Esteban eliza
Herriaren goialdean dago. XVI. mendearen amaierakoa da; ekonomia-oparotasun handiko garaia zen. Harlangaitzezko oinplano angeluzuzena du, eta kontra-hormak sendoak dira. Harriz lauzatutako antzinako zorua du. Dorre atxikiak bi gorputz ditu, XVIII. mendekoa da, eta Berrikanokoa egin zuen harginak hemengoa ere gauzatu zuen.
Barrualdean, goialdeko erdialdean XVII. mende hasierako erretaula nagusia dago: Donezteberen (San Estebanen) irudi ederra eta goian Gurutziltzatuaren irudia ditu. Alde bietan bi erretaula barroko daude (XVIII. mendekoak), Sortzez Garbiaren eta San Josefen tailuak dituzte. Atzealdean beste erretaula bat dago, Kristo Santuarena, eta horrek bi armarri ditu, Domingo Gonzalez de Etxabarri jaunarenak dira. Buruagan jaio zen eta lehen Borbondarren gorteko errege-idazkaria izan zen.
Urte askotako utzikeriak bidea ireki die, behingoz, 2020an hasita teilatuan, kanpoko hormetan eta dorrean egin diren zaharberritze lanei.
Elizari atxikitako eraikinari aipamen berezia egin behar zaio: jatorriz eliza erromaniko bat zen, eta nabe arkudun bat baino ez da gelditzen. XII. mendearen amaierakoa edo XIII. mendearen hasierakoa da, eta espiritualak ez diren bestelako ekintza batzuetarako ere erabili da: herriko bolatoki gisa edo abereak sartzeko. Zigoitiko eraikin zaharrena izan daiteke, balio historiko eta artistiko handia du, baina erdi hondatuta dago. Administrazio Batzarra konpontzen saiatu da; baina ezinezkoa izan da, oraintsu arte. 2016ko udazkenean Apezpikutzak doantzan eman zion eraikuntza herriari, eta 2017-2019 urteetan zehar erabateko konpontze-lanak egin dira kanpo zein barrualdean.
Erdi Aroko bataiarriak eta apaindura interesgarri batek osatzen dute arreta behar duen elizaren ekipamendu eskasa.
Inguruneak
Nabarmentzekoa da harrizko putzu pribatua, ez da oso sakona eta ura du, herriko irteeran, Eriberako bidean dago, Ubandi ubidetik harriz harri ekarritako iturritik hurbil.
Hegoalderantz eta nekazaritza-granjatik hurbil leize-zulo bat dago; zuloa aztertu egin dute eta esaten dute komunikatzen duela…






