Eribeko elizaren dorrearen goialdetik, Zigoitiko ibarraren erdigunean 640 metro baino gehiagoko garaierara gaudela, bista eder-ederra ikus dezakegu: Gorbeia eta Anboto, Gasteizko Mendiak, Demanda mendilerroaren gailurrak, Aizkorri-Aratz-Andia eta Oro eta Badaia eta Gorobel (Sálvada) mendilerroetako gailurrak. Zigoitiko ibarra dago oinaldean eta Gasteiztik gertu dago, 17 kilometrora. Hori dela eta, Eribek kokapen ezin hobea du. Dena dela, komunikazio-bide nagusietatik kanpo egon da orain dela urte gutxi arte .
ERIHEHI – HEREYUE – EREYVE – HEREYDEE – HERIVE – ERIVE – ERIBE
Eribe hainbat moduz idatzita agertzen da agirietan. Zenbait aldaketa logikoak dira, eta denek mila urte baino gehiagoko historia erakusten digute. 871. urtean, gutxi gorabehera, Goiko Erdi Aroan, Eribeko larrea (“sub defesa Erihehi”) agertzen da Kukulako Done Millan monasterioko agiri batean (seguru aski, apokrifoa); agiri horren bidez, Arronciok, Tello semeak eta zenbait noblek dohaintzak egin zituzten Okoiztako San Bizente monasterioari.
1257an, “Hereyue” edo “Ereyve” agertzen da, iturrien arabera, Calahorrako apezpiku Jerónimo Aznar jaunaren garaian egindako herrien nomina ordenatuan, Buruaga, Berrikano eta Zigoitiko Ermandadeko beste herri batzuekin batera. Handik gutxira, 1292an, “Hereydee”k 194 marabedi ordaindu zizkion Tarifako setioari, hurbileko herriek ematen zutenaren erdia baino zerbait gehiago.
Eriberen historian, ekonomia biziraupenekoa izan da, garia, garagarra, oloa, babak eta lekaleak landatzen zituzten, zaldiak, ardiak, behiak eta txerriak hazten zituzten eta mendiak aprobetxatzen zituzten XX. mendearen zati handi bat igaro arte. Datuen arabera, ez da oso herri oparoa izan. Orografiak, ur-gabeziak eta zoru harritsuak hori adierazten dute. Etxe-bizilagunen kopurua aldatzen joan da: XVI. mendean hamasei bizilagun ziren, XVIII. mendean hogeita bost, eta XX. mendearen hasieran hamalau. Bizilagun edo etxe bakoitzean bost bat biztanle zirela kalkula dezakegu.
XX. mendean etxe eta biztanleen kopurua murrizten joan zen; 1982an bi etxe zeuden okupatuta, eta guztira bederatzi biztanle ziren. Gutxieneko kopuru horretatik abiatuta, Gasteiztik hurbil dagoenez eta landa-eremuetan bizitzeko joera berpiztu denez, Eribek inoiz baino etxe gehiago izan ditu: 2014an, 33 etxe. Ia guztietan norbait bizi da urte osoan; 55 pertsona daude erroldatuta (gehi adin txikikoak eta egoiliarrak), baina ez du inork nekazaritzan lan egiten. Ibarreko egungo herriak lo egiteko leku bihurtu badira ere, nabarmendu beharra dugu azken urteotan herriak biziberritu direla. Aspaldi honetan herria handitu da eta, neurri handi batean, saihestu egin da etxe atxikiak eta urbanizazioak egiteko joera.
Agirien arabera, euskara Eribeko ohiko hizkuntza moduan galdu zen XX. mendearen hasieran, baina baziren zenbait agerpen 1920an, ondoren galdu zen. Biztanle elebidun berriek (% 20 gutxi gorabehera) eta belaunaldi berrikoek euskara berreskuratu nahi dute, eta hori aukera bat da euskararentzat.
Antzinako urbanismoari dagokionez, Victorino Palaciosek 1986an azaldutako bederatzi etxeetatik, bost zaharberritu dituzte, hiru desagertu dira, eta azkena erdi suntsituta dago. Ia ez dago ohiko arkitekturaren aztarnarik, eraikin zaharren hondakinen zenbait grabatu eta sarraila ezkutu baino ez daude.
Denontzako zerbitzu gutxi izan dituzte, eta berandu jarriak gainera. 1977an jarri zuten edateko ura; argiteria publikoa eta saneamendu-sarea jarri eta herria asfaltatu zuten 1997tik 2000ra bitartean. Ez du inoiz eskolarik eduki, eta elizatik gertuko bolatokia ahuldu zen eta desagertu zen biztanle gutxitzearekin batera. Gopegirako errepidea berrogeigarren hamarkadakoa da, eta gainontzeko partzelatze-bideak 2000. urtean asfaltatu ziren gutxi gorabehera. Jolas-eremu bat eta iturri moderno bat eraiki dira 2012an, eta herriko plazan bertan 2019an eraiki den Kontzejo-etxe berriak nolabaiteko batasuna eman dio herriari.
Done Martie (San Martín) eliza
Agiririk edo dokumentaziorik ez dagoenez, ez da Eriben eraikin noblerik ezagutu, Done Martie (San Martin) eliza izan ezik. Elizak Eriberen historiaren zati garrantzitsu bat gordetzen du, oraindik ezkutatuta. Deigarriena elizaren tamaina handia da, handiegia baita herri txiki batean egoteko. Horrek, beharra baino, oparotasuna adierazten du, edo garai aberatsetan egindako dohaintzen ondoriozkoa izan daiteke.
Nabe bakarreko eraikina da, harlangaitzez eta kontra-hormez eraikitakoa. Alde zaharrenean (aurre-erromanikoa da), harlangaitzezko bi horma-azal, elizaren oinaldeko leiho txikia, iparraldean eta mendebaldean, eta Erdi Aroko mentsula bat (gizaki baten aurpegiarekin) hegoaldeko horman sartuta, daude. Ondoren, XIII. mendetik XV.era, garai erromanikoan, nabearen zabalera eta garaiera handitu zuten, baina oraindik ez zituen egungo neurriak. Elizaren goiburua eta estalki gotiko berantiarrak XVI. mendean amaitu zituzten, eta dorrea ondoren egin zen, XVII. eta XVIII. mende bitartean.
Lehen guda karlistaren amaieran, 1938an, Martin Zurbano jeneral liberalak, “Varea”k, eliza erretzea agindu zuen; eta ondorioz, gangetan ezkutatu nahi izan zituzten artxibo guztiak ere erre egin ziren. Ondoren berreraiki zuten, baina XX. mendean Eriben oso biztanle gutxi gelditu zirenez, eliza ez zen erabiltzen eta horren osotasuna arriskuan gelditu zen. 2000. urtean teilatuaren egoera oso txarra zen eta zaharberritu zuten; gainera, apaizaren etxe eta sakristia atxikiak eraitsi zituzten, aurri egoeran baitziren.
Barruan interes handiko zenbait elementu daude, esaterako, XVII-XVIII. mendeetako erretaula barrokoak. Erdikoak Done Martieren (San Martinen) irudia du (zaldiz), eta alboko erretauletan, batean Andra Mari erromanikoa dago (XIV. mendekoa), oso interesgarria, eta bestean marfilezko Kristoa, Filipinetatik ekarritakoa, eta oso estimatua.
Halaber, interesgarriak dira, baita ere, ondokoak: Erdi Aroko bataiarria, tiradera neoklasikoen zatiak (eremuan oso ohikoak ziren), ohikoa ez den aitorlekua eta XVIII. mende amaierako zenbait apaingarri eder, Filipinetatik ere ekarritako dohaintzak, inskripzioen arabera, “Francisco Diaz de Durana jaunarena da…”.
Jaiak Done Martie (San Martin) egunean (azaroaren 11an) eta udako Solstizioan (ekainaren 24an) ospatzen dira.
Inguruneak
Herritik ez oso gertu, bi iturri daude: Eribekoa eta Arbinakoa. Eribekoa, Ubandi ubidetik gertu, garbi dago, baina emaria oso irregularra da. Arbinakoa, XX. mendeko hirurogeigarren hamarkadatik sasiz eta lurrez estalita egon zen harik eta 2017tik 2021era berriro azaleratu eta berritu egin zen arte.
Eribe eta Berrikanoko zaharrenek San Roke baseliza konpartitua ezagutu zuten; berrogeita hamargarren hamarkadan bota zuten. Bi kilometrora, herriaren mugetan, Menea izeneko eremu bat zegoen, San Joan baseliza zuen, baina ez da horren aztarnarik gelditu.
Menearen lerro berean eta Gorostitza eta Elosu banatzen dituen bidean, guda-lerro batzuk eraiki ziren, eta oraindik ikus daitezke horien, bunkerren eta lubakiren zenbait hondakin; gainera, berreskuratu eta oroitzeko modukoak dira.
Herriaren kanpoaldean zentro hipiko batek aisialdirako eta natura-ingurumeneko ezagutzeko zenbait zerbitzu eskaintzen ditu.






