Ibarraren erdialdean kokatzen da, itsasoaren mailatik 602 metrora dagoen muino batean. Zigoitiko lurrak eta bideak menderatzen ditu. Orain dela zenbait urte arte, udalerriko herri nagusia zen, udal administrazio-bulego berriak eraiki zituzten arte, alegia.
Bidegurutzea da ekialdetik mendebalderako norabidean, eta Legutio, Aramaio eta Leintz ibarreko lur gipuzkoarrak Zaitegirekin lotzen ditu (Bide Zatikoa edo Zaitegiko bidea). Gainera, hegoaldetik iparraldera joanez zenbait herri ere komunikatzen ditu: Lautada Zuiarekin, Aiararekin eta Urduñarekin. Bidegurutzea agirietan agertzen da 871. urtetik.
Jakin badakigu 1257. urtean herriak Hopeegui izena zuela, eta XII. mendearen amaieran Gopehegui zen, 1292ko Tarifa setiorako dirua ematen zuten herrien nominan horrela idatzita baitago.
Zigoitiko Ermandade zaharreko hirugarren Kuadrillan zegoen ondokoekin batera: Akosta/Okoizta, Zestafe eta Gorostitza (Legutio eta Leintz ibarrerako bidean) eta Larrinoa eta Etxaguen, Okarantza eta Ruedas eta Murua (Zubialde ibaitik gora, Gorbeia igotzeko bidean).
Herrigunea bi auzotan banatuta dago
Gopegiko biztanleak, historian barrena, bi auzotan kokatu dira. Goiko auzoaren muino txikian, Acosta/Okoizta eta Zestafera doan bideaz inguratuta, Andra Maria Jasokundearen parrokia-eliza eta Goikoetxea edo Goikolea dorreak daude (Ortiz de Zarate maiorazkoaren orubea).
XVI. mendearen amaieran Gopegiko elizan Jasokundearen kapera zegoen, nabearen ezkerreko aldean. Handik gutxira, kapilautza zuen, eta beste zenbait atal gaineratu ziren Ortiz de Zaratetarren maiorazkoan. Erdi Aroko jatorria du elizak, nabe bakarra du eta XVI. mendean gurutzeria handitu zuten.
Erdi-puntuko portada bat du, eta alboetan zutabe lau bana eta hatzapar-harroinak ditu, erromanikoak. Kapitelak ere XVI. mendekoak dira. Barrualdean, arkuen artean kanoi-ganga zorrotzak ditu nabeak.
Hegoalderako aurrealdean Erdi Aroko fasearen zenbait aztarna daude: hogeita bat harburu ditu gizakien eta animalien buruekin apainduta.
Egile batzuen ustez, orain dela gutxi egindako zaharberritze-lanen ondorioz barrualdean aurkitutako pinturak Beheko Erdi Arokoak dira (Venegas eta Sanchez Pascual).
Egile gehienek eraikuntza XIII. mendekoa dela dioten arren (M. Portilla, D. Ocon, J.J. Lopez de Ocariz eta F. Martinez de Salinas), elizaren inguruan egitura zirkular bat aurkitu dute, eta horrek dextro edo circuitum bat zuela adieraz dezake; elizaren pribilegio berberak izango lituzke, eta gure ingurunean IX. mendetik aurrerako fenomenoa da. Zenbait egileren iritziz, dextro bat fosil bihurtzeko fenomeno bat izan daiteke, batez ere aintzat hartuta horren neurriak; horrek XI. mendean kokatzen gaitu. Aipatutako tesiaren aldeko beste argudio bat da handipen erromanikoak elizaren defentsa-egitura mantendu zuela, garaiera handitu zuten, eta hori garai hartako egoera sozialaren testuinguruan ezaugarri bat zen.
Nabariak dira aztarna erromanikoak, esaterako, sarrerako atea, bataiarria, erlaitza harburuekin eta kanoi-gangako pinturak.
Eraikuntzaren goialdean landa-dorre bat dago.
Elizaren barrualdeari dagokionez, erretaula XVII. mendekoa da. Erliebeak Joan de Antxietaren zirkulu erromanistakoak izan daitezke. Aurrean Andra Mariaren irudia dago, polikromatuta eta barroko estilokoa, eta inguruan Done Joanes (San Joan) Ebanjelaria, Done Petri (San Pedro), Done Paulo (San Pablo), Done Mateo (San Mateo), San Markos, Done Jakue Erromesa, Done Joanes (San Joan) Bataiatzalea eta San Lukasen irudiak daude. Ezkerraldean, Andra Mariaren Jasokundearen kapera zaharra zegoen, egun San Josefena da; Ortiz de Zaratetarren maiorazkoarekin lotuta zegoen.
Goikoetxea edo Goikolea dorrea, elizaren ondoan dagoena, gainontzeko eraikinetatik nabarmentzen da. Jatorri berantiarreko dorre handi bat da, Ortiz de Zaratetarrek altxatu zuten; oinplanoa ia karratua da eta hamabi metroko garaiera du. Ekialdeko fatxadan Zarate eta Egiluztarren armarria du.
Dorretik hurbil, ekialderantz, tamaina handiko baserri bat dago, oinetxe bat ematen du.
Herria osatzen zuten zenbait baserri daude beheko auzoan, eta orain dela gutxi egindako zenbait eraikin ere gaineratu dira.
Eraikin esanguratsu gisa, iturri, aska eta garbitokiak osatutako multzoa dugu, 1883an eraikitakoa. Horiek guztiek, orain dela gutxi zaharberritutako bolatokiarekin batera, inguruko herrietan ere duten ekipamendua osatzen dute.
Demografia
Agirien arabera, 1556an berrogei bizilagun bizi ziren herrian; XVI. mendearen amaieran, 32 sutegik ordaintzen zituzten zergak eta derramak. Hurrengo mendean, 1682. urtean, kopurua 26koa zen.
Biztanleria handitu egin zen XVIII. mendean, 32 sutegi eta 100 biztanle arte. Lurrak lantzen zituzten, eta, horrez gain, baso-baliabideak ustiatzen zituzten, ikatza ekoizten zuten eta behiak eta zaldiak hazten zituzten larreetan. Bi “fragüero” edo errementari ere baziren.
XIX. mendearen erdialdean, Gopegin 131 biztanle zeuden, 24 sutegitan banatuta; 1861ean kopurua 114 biztanlera murriztu zen.
Aurreko mendearen hasieran, Gopegin 16 etxebizitza zeuden, guztira 86 biztanle. 1920an, erroldan 75 biztanle jaso ziren, 1930ean 100 biztanle eta 1950ean 73.
1970ean biztanleen kopurua 75 zen; herrian hamabost familia bizi ziren. Kopurua 64 biztanlera murriztu zen 1987ko foru izendegian erregistratutako zuzenbidezko biztanleen arabera, eta 1993an 68 ziren.
Gaur egun, azken bi hamarkadetan gertatutakoari hazkundeari esker, Gopegin 270 biztanle daude.
Inguruneak
San Roke baseliza Zatika Bidean kokatuta, Gopegiko larrearen sarreraren parean dago; Acosta/Okoizta eta Larrinoaren arteko bidearen erdian kokatzen da, eta erromesen igarobide historikoa zen. Orain dela hiru bat hamarkada zaharberritu zuten, eta egoera ona da. Gopegiko zaindari San Roke jaian, erromeria eta meza egiten dute eta inguruko herriko biztanleak biltzen dira. Ondoren, herri-hamaiketakoa, dantzaldia eta herri kirola egiten dute.
Gopegitik Acosta/Okoizta eta Zestafera doan errepidean, horren ondoan, Humilladero izeneko lekua dago. Ondo zaindutako gurutzadura bat da; 2,5 metroko fustea du, monolitikoa eta zirkularra, eta gainean molduradun kapitela du. Gurutzean Jesukristo gurutziltzatua, eta atzeko aldean, Pietatea daude. XVI. mendearen amaierako edo XVII. mendearen hasierako obra da.
















