Oketa mendiaren magalean kokatua, Gopegi eta Etxaguenetik Ubidea eta Legutio aldera (Bilboko errepidera) doan bideak zeharkatzen du.
Gorostitzako antzinako herrian (dokumentuen arabera, XI. mendean datatuan) Done Petri (San Pedro) parrokia-eliza eraiki zen. Herri hori desagertu zenean hainbat etxe bakarrik geratu ziren, eta, orduan, lehen herria zena, administratiboki, auzo izatera pasa zen, Zestafe eta Okoizta/Acosta artean banatuta. Gorostitza auzoak, beraz, garai batean herria egon zen lur-eremua hartzen du.
Gorostitzako bizilagunak
Gorostitzan, XVII. mendean, zortzi familia bizi ziren. Baina gero hustu egin zen, eta XIX. mendean bi bizilagun bakarrik izan zituen. Herri izateari utzi zion, eta Zestafe eta Okoiztako auzo izatera pasa zen.
Beheraldi demografikoen eraginez, Gorostitza jendez hustutako eremu izatera iritsi zen ia. 1793ko bisita pastoralean bertako Done Petri (San Pedro) parrokia Zestafeko ermita izatera pasa zen.
Gaur egun, herritar berriak irabazi ditu, eta ia 8 familiako kopurua gainditu du. Familia horietako zenbaitek abeltzaintzan eta gaztagintzan egiten dute lan.
Gorostitzako Done Petri (San Pedro) baseliza
Garai batean parrokia izan zen, eta XVIII. mendearen erdi aldetik hona ermita bihurtuta dago. Lehenengo eraikuntza XIII. mendean dago datatua, eta, gerora, gaur egun duen burualdea gehitu zitzaion.
Zaharberritze bat baino gehiago izan ditu. Barrualdea 1982an zaharberritu zuten, eta egurrezko sabaia du. Azkena, eta, gaur arte, behin betikoa, 1998an egin zuten Arabako Foru Aldundiak, Zestafeko Administrazio Batzarrak eta Zigoitiko Udalak.
Ermita honen garrantzia historikoa azpimarratu zuen Micaela Portillak: “Tenplu txiki hau jendez hustutako arabar herrietako parrokien ezaugarri eta neurrien lekuko historiko bat gehiago da. Eliztarrak galdu zituenez, denboran zehar ez du handitze-lanik edo aldaketarik jasan, eta, horregatik, jatorrizko itxura mantentzen du”. Beraz, Arabako herrietako Erdi Aroko parrokiak nolakoak ziren argi eta garbi erakusten digun adibideetako bat da.
Goi Erdi Aroko aztarnak ditu, oso interesgarriak, gerora egindako eraikuntza-lanetako harlangaitz-hormetan txertatuta. Elementu prerromanikoak ere baditu. Hainbat lekutan –aldarean, edo leihateetan- harlauza handiak ditu, “bainuontzi” itxurakoak, hilobi monolitikoetatik ekarriak. Hainbat harburu ere baditu, eta baita bi leiho eder ere, euretako bat apaindura aberatsekin.
Bataiarriak Erdi Aroan du jatorria. Tenpluaren oinarrian dago, harmaila zirkular batzuen gainean, eta duintasuna ematen dio horrek. Zigoitian ohikoenak diren bataiarrien multzoa osatzen du.
Bertakoek, eta baita inguruko herrietako herritarrek ere, debozio eta maitasun handia diote ermita honi. Zigoitiko iragan historikoaren arrasto garrantzitsua da.
Gorostitzako jaiak
Gorostitza auzoak Done Petri (San Pedro) egunean ospatzen ditu festak, garai bateko parrokiaren eta gaur egungo ermitaren titularraren omenez.














