Zigoitiko hego-mendebaldean dago, Arrato mendilerroaren oinaldean, Arratobe mendiaren azpian. Zigoitiko herri horrek leku pribilegiatua du, 591 metrora baitago. Gasteiz eta Bilbo arteko N-622 errepidearen bidez (Bilborako norabidean) joango gara, eta sarrera 12. kilometroan dagoen saihesbidean dago.
Letonaren jatorria
Aurre-historian, Eneolitoan, eremuan zenbait biztanle ziren, kokalekuen hainbat aztarna aurkeztu batira “Kurtzebide” izeneko lekuan. Herritik hurbil eta Letonako hegoaldean, Arrato mendilerroan, “Urisolo kastroa” izenekoaren zenbait aztarna induskatuta daude; esparru harresitua da, Burdin Arokoa. Handik gertu, Urisolo eta Goba de Unda barrunbeak daude.
Zaitegirekin batera, Erdi Aroan puntu estrategiko bat izan zen Arabako Lautadatik Zigoitia zeharkatuz Zuiara joateko bidean; gainera, arabar lurraldeen jabeentzat Nafarroa eta Gaztela arteko zaintzarako toki garrantzitsua izan zen. Horren adierazgarria da hango gaztelu nafar zaharra (zenbait aztarna arkeologiko baino ez dira gelditu).
Egungo Letona IX. mendeko agiri batean agertzen da, dagoeneko, Letonu izenarekin. Eta XII. mendetik aurrera, askotan aipatu zuten garai hartako eliza-agirietan: “arciprestazgo de Cigoitia” izenekoaren barruan kokatzen zuten. Euskara zen hango hizkuntza.
Historia modernoan
Garai hartan (XVI-XVII. mendeak), Letona leinuak garrantzi politiko handia izan zuen, ondoko abizenei esker: Lopez de Letona, Lopez de Apodaka, Diaz de Letona, Hurtado de Mendoza, Diaz de Olarte. Pertsona horien oroimenak dira Letonako elizan egindako dohaintzak eta elizako Done Sebastian (San Sebastián) kaperako hilobiak (egun, Arrosarioko Andra Mariaren kapera da).
Bilakaera demografikoa
XVI. mendeko agiriek 40 bizilagun edo etxetako eliztarrak aipatu zituzten, eta “hiru elizgizon anoa osoaren truke” zituzten euren zerbitzura. Aipatutako demografia-datuen arabera jakin dezakegu zergatik hasi ziren XVI. mendean egungo parrokia-eliza handitzeko lanekin.
Ondoren, Letonako biztanle kopurua murriztu egin zen. XVIII. mendean, udal artxiboaren datuen arabera, 15 bizilagun eta apaiz bat ziren. XIX. mendearen hasieran Letonan 18 bizilagun (60 pertsona) ziren, eta guztira 1.464 anega ale biltzen zituzten. Bi onuradun ziren.
Aurreko mendearen hasieran Letonak hamabost bizilagun eta 44 biztanle zituen; 1979an 25 biztanle ziren, 1982an 19 eta 1988an 16. Egun, Letonak 45 biztanle ditu.
Eraikin historikoak
XV. mendearen amaieran, Letonan bi dorretxe zeuden. Gelditzen den bakarra Joan Lopez de Letonak eta Katalina Ruiz de Hurtado de Mendoza emazteak (Manurgakoa) egin omen zuten; XVI. mendearen amaieran eraiki zuten.
Lopez de Letonatarren jauregiaz eta Letona-Hurtado de Mendozatarren dorreaz osatutako multzoak garaiko zenbait defentsa-elementu baditu ere, defentsarako dorre baino, dorre sinbolikoa da batez ere. Dorrearen goiko errematea nabarmentzen da: lau dorretxo trinko ditu, eta gotorleku itxura ematen diote dorreari.
Kapare-etxe bat du atxikita. Harlangaitzezkoa da, gaur zaharberrituta dago, eta dorrearekin batera, arkitektura-multzo ederra osatzen du.
San Andres eliza
XVI. mendean eraiki zen Erdi Aroko eliza baten gainean (eliza horretatik zenbait aztarna gelditzen dira: arkua, harburuak). Gotiko berantiarreko estilokoa da, oinplanoa angeluzuzena da eta nabearen alboetan garai bereko kapera bana ditu. Bat Done Sebastiani (San Sebastián) eskainita, lehen izenpeko gisa, eta han hilobiratu zituzten Sanctorum eta Joan Diaz de Letona (aita eta semea). Ondoren, Arrosarioko Andra Mariari eskaini zioten kapera. Kristo Santuaren kaperak Gurutziltzatuaren irudi gotiko baliotsu bat du; egikera ederra du eta XIV. eta XV. mendeen artekoa da.
Elizaren dorrea ondoren egin zuten (XIX. mendearen amaieran), eta kanpandorre baxu baten gainean eraiki zuen XVII. mendean Joan Antonio de Letona kapitainak, garai hartako parrokoaren arabera: “Kapitainak eta neuk, apaizak, egin dugu kanpandorrea”.
Erretaula hiru garaitakoa da: sagrarioa XVI. mendearen amaierakoa; gorputza, 1630eko hamarkadaren amaierakoa dela agertzen da agirietan, eta nahiko handitu zuten XIX. mendearen erdialdean.
Erretaularen multzoan, elizaren titularraren San Andresen irudi dotorea zaharrena da (XVI-XVII. mendekoak). Perez de Aiala tailerrean egin ziren tailuak —Kristo berpiztua, ebanjelistak, apezpikuak (San Tito eta San Atanasio)—; Gregorio Fernandezen eragina jaso zuen, erromanismotik lehen barrokorako trantsiziokoak dira (XVII. mendea).
Elizako titularraren jaia, San Andres festa, azaroaren 30ean ospatzen da.
Letonako baselizak
Andra Maria Sortzez Garbiari eskainitako bat zegoen (XVII. mendea); Kasilda Diaz de Olartek sortua. Egungo hilerrian zegoen, eta herrira sartzeko Sorkunde kaleak gogora ekartzen digu. XIX. mendearen amaieran, suntsituta zegoenez, baselizako materialak hilerri berria egiteko erabili zituzten (sarreran harrizko bi tailu eder daude); testamentu-funtsak elizaren dorrea eraikitzeko inbertitu zituzten. Baselizak zenbait irudi zituen, Done Joanes (San Joan) haurrarena baino ez da gelditu, eta parrokian dago.
San Bitor baseliza (XV. mendea) Zaitegi eta Letonarena da, eta biek gain hartu zuten mantentzeko konpromiso (Olanok ere lagundu zuen), Zaitegin 1846ko uztailean hiru herriek sinatu zuten agiriaren arabera. Letonako herritarrek zaharberritu zuten 1845ean, eta baso-sute batek suntsitu zuen 1980an; horma nagusiak gelditzen dira. Ingurunean “Zaitegiko gazteluaren” zenbait aztarna daude. Nafarroako erreinuaren muga eta defentsarako igarobidea markatzen zuen. Egun, Gasteiz-Bilbo autobideak zeharkatzen du. Leku estrategiko horretatik Zigoitiko herri guztiak ikus daitezke. Azken urteetan indusketa lanak egin dira bertan, eta 2019an konpondu da baselizaren teilatua.






