Gorbeia inguruko mendietan dago; Zigoitiko udalerriaren eta Zuiako Taldearen zati bat da. 695 metroko garaierako eremuan dago, eta bista ederrak eskaintzen ditu: Zigoitiko ibarretik Vitoria-Gasteizeraino, eta atzealdean Gasteizko Mendiak ere ikusten dira.
Arabar hiriburutik Zigoitiko herri historiko honetara irits gaitezke Bilbora doan N-622 errepidearen bitartez, ondoren A-3608 errepidera desbideratu beharko gara, Gopegirako biderantz A-3610 errepidetik. Arabar hiriburura dagoen tartea: 18 km.
Manurgako historia
Manurgak historia luzea du. 1257. urtera arte agirietan agertu ez bazen ere, Erdi Aroko efemeridetan oso kokaleku garrantzitsua izan zen; izan ere, Arabaren bitartez (Zigoitia eta Zuia) Gipuzkoa (Leintz-Gatzaga) eta Bizkaia (Urduña) lotzen zituen joan-etorri handiko ibilbide edo bide batean zegoen.
XVI. mendetik aurrera, itsasoz haraindiko lurrekiko erakargarritasuna nabaria izan zen Manurgan; hantxe jaio ziren zenbait pertsona ospetsu, eta hainbat funtzio garrantzitsu gauzatu zituzten administrazioaren eta, bereziki, elizaren esparruan.
Oihartzun historiko handiena XIV. eta XV. mendetan izan zuen, Ganboatarren eta Oinaztarren arteko borrokak zirela-eta. Manurgak azken bandoaren alde egin zuen. Ondorioz, han eraiki zuten dorretxea, aurkako bandoak Legution jarri baitzituen bereak.
XIX. mendera arte euskaraz hitz egin zuten Manurgako biztanleek.
XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan Manurgan 200 biztanle ziren; egun, 78 daude.
Herrigunetik ibiliz…
Etxeak herria osatzeko taldekatzen dira, nahiz eta bakoitzak izaera osoa duen unitate independente bat osatu; parrokia-eliza nabarmentzen da. Etxeak lau auzotan banatzen dira: Landaluze, Perrenta, Azpillaga eta Iturritxaga.
Kokapen estrategikoa dela-eta, Manurgak zenbait gotorretxe izan zituen: herrian kokatutako odoleko kapareen abizena zutenen oinetxeak ziren. Lau dorretxe zeuden, baina denbora joan ahala, desagertzen joan dira; esaterako, Kortazar edo Iturrizartarrenak (biak XVII. mendekoak dira). Azken dorretxe horren zenbait aztarna daude garbitegi zaharrean, non murruetako bateko armarria ikus daitekeen. Elizaren ondoan, Ortiz de Zaratarren dorre hondatuta dago; Elexaldeko Gaztelua izena du, eta aurreko mendearen amaieran erori zen.
Hurtado de Mendozatarren dorrea ere garrantzitsua izan zen, eta egun hantxe dago. XV. eta XVI. mende bitartekoa da, eta XVII. mendeko jaun-eraikuntza baten barruan dago; iparraldeko fatxadan blasoia du. Zenbait pertsona ospetsuren jaiolekua izan zen —Joan de Hurtado de Mendoza, Diego Hurtado de Mendoza—; Gortean kargu garrantzitsuak izan zituzten.
Martinez de Murgiatarren jauregia —Astegieta eta Berastegi abizenekoenak izan ziren ondoren horren nagusiak eta zaintzaileak— 1700. urtean eraiki zen, gutxi gorabehera. Oinplano laukia du, eta fatxadan familia fundatzailearen armarria du. Eskualdeko eraikin garrantsitsuenetako bat da. Herrian badira beste zenbait oinetxe (XVII/XVIII. mendekoak); fatxadetan armarriak dituzte familia sortzaileen jatorria gogoratzeko.
Gainontzeko eraikinak, landa-baserriren adibide interesgarriak dira; eskualde horretan ohikoak dira. Horietako batzuek, izaera herrikoi handia dute: harriz, zurezko egiturez, adreiluz eta adobez eginda daude. Herrian zenbait iturri eta garbitoki daude, baita Azpillaga, Mendibe eta Murubideko gurutzadurak ere.
1520. urtean egungo Done Martie (San Martín) parrokia-eliza eraikitzen hasi ziren Erdi Aroko eliza ordezkatzeko. Gaur ikusten dugun moduan XIX. mendean amaitu zuten portikotik. Parrokia-elizak gurutze-oinplanoa, goialde poligonala eta harri-horma onak ditu; egitura gotikoa eta zenbait aldaketa barroko ditu. Sarrera portikotik du; zortzi erdi-puntu arku handi ditu (gehienak hormaz inguratuta). Dorrearen goialdean kanpaien egitura oktogonala dago. Barrualdeak balio artistiko garrantzitsua du. Erretaula nagusia “churrigeresco” izeneko estilokoa da, eta albo batean Berastegiren kapera nabarmentzen da: horman blasoia du eta nabar artistiko batekin itxita dago. Arte-hornidurak hango zenbait gizon garrantzitsuk lortu zituzten urteen barrena.
*Gure esker ona adierazi nahi diogu Berastegi jauregiko Carlos Díaz de Arcayari etxea erakutsi eta argazki hauek ateratzeko baimena emateagatik.
Inguruetan
Herritik gertu, mendixka batean, Done Bartolome (San Bartolomé) baseliza dago, ondo zainduta dago eta erretaula interesgarria du. Mendixka horretara joateko, Manurgatik Zaraterako errepidetik joan eta ezkerrean dagoen bidea hartu behar dugu. Santa Marinako (Olanorako bidea) eta Murabeko Done Joanes (San Joan) (hango antzinako herrixka bat izan zen, Goikobidea seinalearen bidez joan gaitezke) baseliza zaharretatik zenbait hondakin baino ez dira gelditu.
Gurutzadurak interesgarriak dira, bai zein leku estrategikotan dauden aintzat hartuta bai eraikuntza dela-eta.
Inguruan dauden basoetatik ibiltzeko aukera izateaz gain, Manurgatik ere atera gaitezke Gorbeia mendira joateko, baita bertako oreinen marrualdiak entzuteko lekuetara joateko ere.
Jaiak eta ohiturak
Herriko jaiak Done Martie egunean (San Martín), azaroaren 11an, ospatzen dira. Badira beste jai batzuk; esaterako, abuztuaren 24an, San Bartolomeko jaia egiten da. Baselizan meza eman, eta senidetasun-bazkaria egiten da. San Isidron ere aipatutako baselizara joaten dira bertakoak.
Landa-ekonomia
Aurreko mendearen amaiera arte zerealak (oloa, garagarra eta garia) ziren laborantza nagusiak; baina pixkanaka larreak nagusitu dira, bereziki hegoaldeko hegaletan, iparraldean Gorbeialdeko hegalak hasten baitira, eta han hariztiak, pagadiak eta pinudiak daude, baita animalia anitzak ere: oreinak, basurdeak etab. Horrez gain, artzaintzan eta abeltzaintzan aritzen direnak ere badira (ardiak, ahuntzak eta behiak).


















