Zigoitiko hego-ekialdeko eremuan, Gipuzkoatik Frantziara doan AP-1 autopistaren gaineko muinotxo batean, Mendarozketa herri txikia aurkituko dugu.
Herrira joateko errepidea Etxabarri Ibiñatik dator, baserrietatik igarotzen da eta Zirianorantz jarraitzen du (Arratzua-Ubarrundia udalerria).
Mendarozketako etxeak banaketa lineala dute errepidearen hego-mendebaldetik ipar-ekialdera. Erdian, gotorlekua balitz bezala, eliza handia altxatzen da, eta gainontzeko eraikinetatik nabarmentzen da.
Itsasoaren mailatik 560 metroko garaierara dago.
Historia
Berririk zaharrena 1257. urtekoa da, eta Mendasqueta izenarekin agertzen da. Handik aurrerako agirietan egungo izenarekin jasota agertzen da.
Ricardo Becerro de Bengoak Mendarozketa “gizon itzaltsu ugariko txoko txiki bat” zela esan zuen. Erdi Aroan, Rodriguez de Mendarosqueta herri horretako zaldunak Navas de Tolosako batailan hartu zuen parte (1212) musulmanen aurka; oste arabarrak zituen agindupean eta Lope Diaz de Harorekin batera aritu zen.
Baina XVII. eta XVIII. mendeetan nabarmendu ziren, batez ere, hango batzuek eliza-karrera zela-eta; zenbait hiritako apezpiku inkisidore izan ziren. Lehenengoa Joan Bautista Artzamendi izan zen. 1635ean jaio zen eta Inkisidore Nagusi izatera iritsi zen.
Mendarozketak ez ditu inoiz biztanle asko izan: XVI. mendearen amaieran 25 bizilagun zituen, eta handik bi mendera, 60 zituen. Aurreko mendeko 80ko hamarkadan, kopurua 19 pertsonara murriztu zen. Egun, 48 biztanle ditu.
Herrigunea
Mendarozketak ez du berezko herrigunerik. Etxeak modu linealean banatuta daude, Etxabarri Ibiñatik datorren errepideari jarraituz. Eskema horren arabera, etxe eraiki berriak eta zaharrak tartekatzen dira. Azken horiek ohiko unitateak dira, eta etxebizitza izateaz gain, nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiaketarako zenbait ohiko elementu dituzte: kortak, estalpea edo “zalgategi”, siloak etab, beti larrainarekin inguratuta.
Done Joanes (San Juan) Ebanjelaria eliza
Elizaren eraikin handia nabarmentzen da beste guztien artean; leku garaienean dagoenez eta altxaera lerdena dela-eta, nolabaiteko gotorleku itxura du.
Done Joanes (San Joan) Ebanjelariari eskainitako parrokia da, eta XVI. mendean eraiki zuten. Erdi Aroko hasierako elizaren zenbait elementu ditu mendebaldeko aldean; iparraldean, berriz, biltoki zahar bat du atxikita.
Barrualdea gurutze-itxurako oinplanoa du, abside oktogonal txiki bat dauka eta han erretaula dago. Erretaula, Errenazimenduko zenbait zutabe eta kapitelen gainean dauden gurutze-ganga tertzeledunekin estalita dago.
“Churrigeresco” izena jasotzen duen estiloko erretaula egikera onekoa da, eta urre-kolorekoa, Done Joanes (San Joan) Bataiatzailea eta Done Mikelen irudiekin; horien mugimendua, jarrera eta jantziak oso ohikoak ziren Barroko garaian.
Andra Maria Sortzez Garbiaren kapera gurutzeriaren iparraldean atxikita dago. Joan Bautista de Artzamendi jaunak sortu zuen 1691an, eta zenbait arte-lan garrantzitsu gordetzen ditu. Esaterako, Andra Maria Sortzez Garbiaren irudia nabarmentzen da, eta horren ezaugarriak direla-eta “jakin dezakegu Alonso Canorena edo maisuaren dizipulu zuzen batena dela”, Micaela Portillaren arabera. Egun, Gasteizko Elizbarrutiko Museoan gordeta dago irudia.
Elizatik ez oso urrun, bidegurutze batean, Andra Maria Sortzez Garbiaren baseliza dago. Egun, herriko txoko moduan eta Kontzejuaren bilerak egiteko erabiltzen dute.
Inguruneak
Herritik gertu, Mendarozketa, Ziriano eta Mendiguren elkartzen diren lekuan, Gernikako gaina, edo Gernikagana dago. Antzina, herri bat zegoen han, eta 1025eko agirietan izen horrekin jaso zen “Donemiliagako Rejan”; dena dela, ez da horren aztarnarik gelditu.
AP-1 autobideak hegoaldetik zeharkatzen ditu herriko laborantza-lurrak, ekialdetik mendebalderako norabideari jarraiki.






