Olano Zigoitiko udalerrikoa da, eta Gorbeialdean dago, 594 metrora, Larrastrain eta Iturralde gainen artean. Zaitegirako errepidetik joan behar dugu, kilometro baterako tartera dago, iparralderantz joanez.
Olanotik zenbait bide garrantzitsu igaro ziren; oraindik diraute, eta Jugo, Manurga eta Zaraterekin komunikatzen dute herria. Hortaz, Zigoitia eta Zuia arteko igarobide garrantzitsua izan zen.
Herriaren historia
Egungo Zigoitia lekuko aurre-historiako jatorrietan, zenbait kokaleku egon ziren, eta horien inguruan hainbat tumulu-aztarna daude estali gabe, Letonatik Zaitegi eta Olanora arte. Herri biak lotzen dituen errepidean, Eneolitoan gizakiak han izan zirela adierazten duten zenbait aztarna daude, Genda tumulu-multzoan, alegia.
Aurreko agirietan agertzen ez bada ere, elizak, XIII. mendekoak, “Holano”ko ahalmena adierazten du. Izen horrekin deitzen zuen Calahorrako apezpikutzak, eta garai hartan Araba elizbarruti horretakoa zen.
Zigoitiko antzinako administrazioan bigarren kuadrillakoa zen, Manurga, Zaitegi eta Letonarekin batera.
Beste baserri batzuekin batera, Olanon dorretxe bat zegoen, eta horren zenbait hondakin oraindik diraute. Horren funtzioa —Letona, Zaitegi eta Manurgakoenetan bezala— Zigoitiko Ermandadeko jauntxoa babestea zen, garai hartako “jaunen” pean baitzegoen lur eta etxeen jabetza politiko eta ekonomikoa. Herrian jaiotako eta Mexikon aberastutako zenbait “indiano” han izan zirela ere agertzen da agirietan.
Biztanle-kopurua, Zigoitiko gainontzeko herrietan gertatu den bezala, asko aldatu da. XVI. mendean Olanoko erroldan, Zaitegirekin batera, 33 bizilagun ziren. Baina XVIII. mendean Olanon 9 herritar ziren; XVIII. mendean kopurua handitu zen eta ofizialki 16 herritar eta 60 pertsona ziren, eta benefiziadu bat zegoen. Pixkanaka herriko biztanleen kopurua gutxitu egin zen, eta 8 biztanle zituen 1988ko erroldaren arabera. Gaur egun, Olanok hainbat biztanle berreskuratu ditu, eta zenbait etxebizitza berritu dituzte: 21 biztanle dira.
Aurre-historiako eta historiako zenbait aztarna
Aipatutako tumulu-multzoaz gain, iturri-garbitoki bat eta errota interesgarri bat ikus daitezke; errotaren ontzia ixten duen horman harrizko kutxa edo hilobi bat dago, eta estalki bat hustubidearen ertzean.
Dorretxe bat dago (aipatu dugu, jada), eta erdi-puntuko arkuko sarrera zabala eta ganga eta gezileiho handiak ditu.
XVIII. mendera arte euskara zen beraien hizkuntza.
San Bartolome eliza
Jatorrizko Erdi Aroko elizatik zenbait aztarna gelditu dira egungo eraikuntzaren kanpoaldean. Egungoa erromanikoa da, XIII. mendekoa, eta Olano herriak orain dela gutxi zaharberritu du. 24 harburu ezkutu ditu, eta absidearen aurrealdean oso nabarmena da leiho erromaniko interesgarri eta baliotsua, erdi-puntuko arkua du, eta kanpoaldetik ikus daiteke ekialdeko horma pikoan. Gainera, eta lana gauzatu ondoren, ikusteko moduan utzi zen leiho erromanikoa, arkiboltekin eta zutabeekin apaindutakoa. Leiho biek Zigoitiko erromanikoan askotan agertzen diren zenbait motibo erakusten dituzte (emakumeen aurpegiak, arranoak, animaliak).
Bataiarria ere interesgarria da; Erdi Aroko pieza bikaina da, eremuan den onenetakoa da, bataioaren inguruko zenbait katekesi-motibo eta motibo sinboliko anitzen bidez apainduta dago. Polikromiaren zenbait aztarna ditu.
Baina, zalantzarik gabe, elizaren elementu baliotsu eta deigarriena gotiko berantiarreko erretaula da; zenbait esku-hartze izan ditu. Orain dela gutxi zaharberritu dute, baita parrokia-eliza ere, Olanoko bizilagunen interesari esker egin da. 2013an jarri egin zuten XVI. mendean zegoen leku historikoan.
Zenbait taula margotuk, erliebek eta tailu baliotsuk osatzen dute, eta banku bat du, non hamabi apostoluen eta hamabi pintura dituzten hiru gorputz dauden. Oinarrian sagrario barrokoa dago; lehen atalean Done Bartolomeren (San Bartolome) tailua eta, bigarrenean, Jasokundea eta Mariaren Koroatzea, gotiko berantiarrekoak biak. Erretaularen alboko lau kaleetan —bost alderditako drosel ederren azpian—, taula batean sei margo daude, Done Bartolomeren (San Bartolome) bizitza eta martirioaren zenbait eszena jasotzen dituzte, eta beste seitan Kristoren eta Ama Birjinaren bizitza eta misterioren ingurukoak; eragin errenazentista italiarra dute. Atikoaren goialdean Kristo gurutziltzatuaren irudia, eta alde bietan bi panel: Santa Barbara eta Santa Katalinaren irudiak ezkerreko kalean, eta Santa Apolonia eta Santa Marinaren irudiak eskuinekoan.
Done Jakueri eskainitako baseliza bat ere izan zen herrian, izen bereko lekuan, agian lur horretatik Konpostelako santuaren bideetako bat pasatzen zelako. 1732. urtean erautsi zuten, eta lekuak eraikita zegoen tokiaren izena gorde zuen.
Jaiak abuztuaren 24an, Done Bartolomeren (San Bartolome) egunean, ospatzen dira.






