Ondategi dugu Zigoitiko ibarraren erdialdean, Zubialde ibaiaren gaineko muino batean; itsasoaren mailatik 600 metrora dago.
Udalaren egoitza dago han, baita udalerriko gizarte-zerbitzu gehienak ere, alboan duen Gopegi herriarekin partekatuta.
Arabako hiriburutik 15 kilometrora dago, eta hara joateko Bilbora doan N-622 errepidea hartu, Gopegirako A-3608 errepidera desbideratu, eta Gopegiren sarreran, ezkerrera joan behar dugu, Ondategira iritsi arte.
Historia
Zigoitiko Ermandadeak jatorritik izan du egoitza Santa Luzia baselizan; horri esker, ibarreko herri nagusia izan da Ondategi. Aurreko mendeko 30eko hamarkadaren hasieran, udaletxe berria Gopegin eraiki zuten, baina orain dela zenbait urte Ondategin jarri zuten berriro, beste toki batean.
1257. urtekoa da herriaren inguruko lehen berria, baina herria antzinagokoa izan daiteke. Orain dela gutxi egindako zenbait ikerketen ondorioz, elizaren eraikuntzaren zenbait atal XI. mendekoak dira.
Santa Luzia baselizan egiten ziren urtero Zigoitiko Ermandadearen batzarrak, eta Ermandadeko gobernuko kargudunak aukeratzen zituzten.
Ondategiko biztanle kopurua egonkorra izan da, 150 eta 200 biztanle artean izan dira, XVI. mendetik datuak hartzen hasi zirenetik. Aurreko mendearen erdialdean kopurua asko murriztu zen, eta 1982an 59 biztanle baino ez ziren. Data hartatik aurrera, beste biztanle batzuk etorri ziren herrira; Eustaten datuen arabera, 2014an 161 herritar ziren.
Aurreko mendeko 70eko hamarkadan, 15 bat familiak egiten zuten lan nekazaritzan eta abeltzaintzan, bizirauteko ekonomia zuten. 20 anega zereal inguru lantzen zituzten (5 ha), eta etxe bakoitzean 2 edo 3 behi, txerriren bat, 6 edo 8 behor, 10 edo 15 ardi, ahuntzen bat, zenbait oilo eta idi-pare bat zituzten. Garai hartan artisauen jarduera ere nabarmena zen: Toribio errementaria eta Joan zurgina.
XIX. mendera arte, euskara zen biztanleen artean aritzeko hizkuntza. Egun, horren erabilera biziberritu da gazteen artean.
Pertsonaia ospetsuak
Antzinatik, eragin handiko zenbait pertsona izan dira Ondategin.
Erdi Aroaren amaieran erregearen eskribaua zuten, eta Amerika aurkitu zenetik bertako asko nabarmendu ziren merkataritzari eta kontinente berrian zenbait ardura izateari esker. Horietako askok ez zuten euren jatorria ahaztu, eta dohaintza handiak egin zituzten, batez ere parrokiarako.
Joan Saenz de Buruaga jauna nabarmendu behar dugu. Karlos II.aren gortean eragin handia izan zuen, eta Felipe V.aren idazkaria izan zen, XVII. eta XVIII. mendeen artean; elizaren erretaula nagusia eta bertako irudiak eman zituen dohaintzan.
Herrigunea
Ondategiko baserrien eremu zabalean iturri publikoak banatutako bi auzo daude.
Goiko auzoan herriko eraikin komunak daude: eliza eta eskola zaharra (egun kontzeju-etxea eta txokoa daude eraikin horretan). Auzo horretan, etxeak taldekatuta daude eta multzo bakoitzak izen bat du: hegoaldean Sarragoako baserriak daude, mendebaldean Ubiarte, eta Elizalde dago elizaren ondoan.
Beheko auzoa, Lagagorri izena ere duena, ibaira jaisten den hegalean dago. Ibaian errota zaharra dago, eta funtzionatzen zuen aurreko mendeko 70eko hamarkadara arte.
Ibaia zeharkatuz, Bengolarrako eremuan, Zigoitiko udal zerbitzuen eraikinen multzoa dugu: udaletxea bere, gizarte-etxea, igerilekua, frontoia eta bolatokia. XX. mendearen erdialdean sortu zen, eta Lazaro Ruiz de Escudero industria-gizonaren ekimena izan zen; “eskola-udalekua, zelaiarekin eta gazteentzako zentro batekin” egitea zuen helburu. Ibarreko eskola gisa erabili zen 1970era arte. Ekialderantz joanez, errepidea zeharkatuta, zenbait etxebizitza ugaritu dira azken urteotan, eta auzo berri bat sortu da Gopegirekin batera. Han ere gurutzadura ederra dago, XVI. mendekoa, Bengolarra Gurutzea izena du.
Done Laurendi (San Lorenzo) eliza
Erdi Aroko eraikina da, eta XVII. mendean presbiterioa (alboetako bi kaperekin) gehitu zioten; oinplanoak gurutze latinoaren itxura hartu zuen. Kanpoaldetik dorrea nabarmentzen da, oboide itxurako gangarekin eta linternarekin; XIX. mendearen hasieran eraiki zuten jatorrizko kanpai-horman.
Erdi Aroko nabea defentsarako zenbait elementu dituzten horma lodien bidez eusten da; XI. mendekoa dela ematen du. XIII. mendean kanoi-ganga zorrotza gaineratu zuten. Garai hartakoak ere dira hegoaldeko portada erromanikoa (kapitel landu interesgarriekin) eta harburuak (kanpotik ia ezin dira ikusi eta gizakien eta animalien irudiak dituzte). Elizaren oinaldean beste portiko bat dago, erdi-puntuko portadaren bi zutabeen gainean dago, eta XVI. mendekoa da.
Elizaren, presbiterioaren eta gurutzaduraren luzapenaren gainean nerbio-gangak daude; XVIII. mende hasierako urre-koloreko erretaula barroko bikaina du, Madrilen egindakoa, Done Laurendi (San Lorentzo), Done Joanes (San Joan) eta Santa Teresaren irudiak daude salomondar zutabeetan, eta multzoaren goialdean Joan Saenz de Buruaga dohaintza egin duenaren armarria dago. Iparraldeko aldean, erretaula txikian, XIV. mendearen hasierako Andra Mari ederra dago.
.
Santa Luzia Teparua baseliza
Goiko auzotik Muruara joateko bidean topatuko dugu. XVII. mendekoa da, portikoa zabala da eta kanpai-horma du. Baselizari atxikita Zigoitiko Ermandade zaharraren batzar-aretoa dago. Erretaula barrokoan santaren irudia dago, eta San Serbando eta San Germanen tailuak daude albo bakoitzean (desagertutako beste ermita baten titularrak ziren).
Inguruneak
Herritik hegoalderantz irteten bagara, Sarragoa haritza dugu, ehunka urteko zuhaitz ederra da, eta zuhaitz bitxitzat jo dute bere tamaina eta egoera ona dela eta. Horren itzalpean zenbait bilera egiten dira, eta garai batean, Done Laurendi (San Lorentzo) jaiaren berbena ospatzen zuten.
Sarragoako otalurretik larrean sartuko gara, ibaiaren ertz bietan zabaltzen da, eta ibaiertzeko zuhaitzak, hariztiak eta baso-pinuak daude. Zenbait koba ere badira, esaterako, Torco de la Dehesa eta Bocarrón de Zarakua (zulo handi-handia non ibaia harkaitzetan sartzen den).
Ondategiko jaiak
Abuztuaren 10ean Done Laurendi (San Lorentzo) jaia ospatzen dute (parrokiaren titularra da), eta abenduaren 13an Santa Luziaren jaia da. Zigoitiko herritar askok hartzen dute parte, batez ere kofradiaren mezan (XVI. mendean sortu zen kofradia).












