Zigoitiko hego-mendebaldean dago, Arrato mendilerroko inguruko mendietan, itsas-mailatik 590 metrora. Zaitegi herria 871. urteko arabar agirietan agertzen da, Eribetik zetorren eta Zigoitia zeharkatzen zuen “Zatica bidea” handik igarotzen baitzen. Olleros bidera ere eramaten zuen (gero, Ollerieta). Ondoren, mandazainen bide garrantzitsuak izan ziren biak. Leintz eta Goi Nerbioi batzen zituzten, hau da, Gesaltzatik Urduñara joaten ziren.

Zaitegi eta bere gaztelua: leku estrategikoa

Zaitegi herriak balio estrategiko handia lortu zuen Nafarroako Erreinuaren eta Gaztelaren arteko muga zelako.  Hori dela eta, bertan gaztelua edo gotorlekua zegoen San Bitor izeneko mendian. Han ere izen bereko baseliza eraiki zuten.

Zaldiaranen, Araian eta San Adrianen zirenekin batera —“lau esku” Araba defendatzeko, Lazarraga historiagilearen arabera (XVI. mendea)— Erdi Aroan ezinbestekoa zen Nafarroa eta Gaztelaren arteko muga-borrokan. Alfontso VIII.ak Nafarroako Antso Indartsu erregeari hartu zion, 1199an Gasteiz inguratu, inbaditu eta konkistatu zuenean Gaztelako erregeak.

Zaitegiko gaztelua

Herritarrek gogoratzen zuten Zaitegiko gazteluaren kokalekua, XVI. mendean eraikitako San Bitor baselizaren ondoan. Zaitegik eta Letonak zaindu zuten baseliza, Olanorekin batera, eta gurtzerako erabili zen aurreko mendera arte. 1980ko sutearen ondorioz suntsitu zen.

Kokapen garrantzitsua zela eta, Zaitegiko gazteluko “alkaideak” ospe handiko pertsonaia izan ziren Iruñeko gortean. Dorretxe bat ere izan zen herrian (XVI. mendea), baina ez dago horren aztarnarik.

Behintzat XVIII. mendera arte euskara izan zen hizkuntza nagusia, Zigoitiko gainontzeko herrietan bezala.  

Zaitegi garrantzitsua izaten jarraitu zen Araba eta Bizkaiaren arteko igarobidea baitzen, eta diligentziez, eta ondoren autobusez etortzen ziren bidaiariak han gelditzen ziren, Beheko Auzoan ziren lau ostatuetako batean.

Zatica bideaz eta, ondoren, errepideaz gain (Aiurdin errepidea XVIII. mendearen amaieran egin zen), Zaitegi eta Zigoitiko gainontzeko herriak lotuta daude zenbait bide ederren bidez. Nabarmentzekoa da Gendatik doan “Errege-bidea”; gurutzadura interesgarri baten bidez dago seinaleztatuta. “Genda gaina” izeneko bidean (gaur errepidea da)  Zaitegi eta Olano artean tumulu anitzeko zelai bat egon zen.

Izenak eta demografia-bilakaera

Zeguitagui (1199. urtea), Çahytegui, Çaitutegui (1257. urtea) edo Zaitutegui (gazteleraz, ‘leku hau gorde”), Çahytaginson antzinako zenbait izen dira. XII. mendean Zaytegui agertzen da (Zayteguiko alkaidea).

Demografia aldatzen joan da. XVI. mendean Olano eta Zaitegi artean 33 etxe zeuden; XVII. mendean hamabi bizilagun ziren (50 pertsona), denak nekazariak ziren eta 900 anega ale jasotzen zituzten. XIX. mendearen erdialdean hamaika bizilagun ziren (43 biztanle), eta aurreko mendeko lehen erdialdean 60 eta 31 artean ziren; mendearen amaieran, dagoeneko, 17 biztanle zituen herriak.   Egun, herriko bi auzoetan 42 biztanle bizi dira.

Andra Mariaren Jasokundearen eliza

Egun herrian dagoen eraikin zaharrena da.  XVI. mendean eraiki zuten Erdi Aroko beste eliza baten gainean; oraindik, horren zutabe erromaniko bat du, eremuko zaharrenetako bat da.

Ganga tertzeletedunekin estalitako hiru tarte eta kanpoan kontra-horma sendoak ditu eraikinak; harlangaintzeko obra da, estalkia 2011n zaharberritu zuten. Jasokundearen Andra Mariaren izenez, herriko jaiak bere egunean ospatzen dira, abuztuaren 15ean.

Erretaula nagusia bi garaitakoa da. Sagrarioa eta bi pilastrak, aldarearekin batera, XVI. mendekoak dira.  Ondoren, XVIII. mendean egungo erretaularen gainontzeko zatiak jarri ziren, Andra Mariaren Jasokundearen irudi barrokoarekin (parrokiako eta herriaren zaindaria da). San Antonio Abaden eta San Isidroren tailuak Valdivielsoren edo “Pagoetako santu-egileen” obra eta estilokoak dira.

Alboko erretaulak Done Joanes (San Juan) Bataiatzailearena (tailu neoklasikoa) eta San Josefena dira. Alboko aldare baten ondoan dago Done Joanes (San Joan) Ebanjelariaren kalitate handiko irudi bat (XVI. mendea).

Baseliza historikoak

Aipatutako San Bitor baseliza,  Letonarekin batera erabili eta zaintzen zen, eta Olanok ere lagundu zuen aurreko mendeetan. Mendi horretako leku pribilegiatu batean eraiki zuten.

Azken urteetan Iñaki Sagredok zuzendutako indusketa lanak egin dira, eta 2019an baselizaren teilatua konpondu da.

Aipatutako gazteluaren hondakinez inguratuta, baseliza eta gaztelua balio historiko handikoak dira herri horietako historian eta Nafarroako harremanari dagokionez.

Aurre-historian, egun Zaitegi dagoen lekuan, Aurre-historiako tumulu-zelai bat egon zen; hogeita hamar tumulu zituen, eta oraindik daude horien aztarnak. “San Migel”  izena duen lekuan dago; izen hori du leku hartan eraiki omen zuten baselizagatik;  milaka urteko ehorzketak gurtza kristauekin ordezkatzeko egin zuten.  

Irudi galeria

Kokapena
Abadelaueta elkarte etnografikoa
Pribatutasunaren laburpena

Cookie propioak eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu webgunearen erabilera aztertzeko eta bisitatutako orriei eta gure bisitariek egiten duten nabigazio motari buruzko informazioa lortzeko. Cookie Politikan erabiltzen ditugun cookieei buruz gehiago ikas dezakezu edo ezarpenetan horiek desaktibatu.