Gorbeiako hegaletatik hegoaldetik behera joanez ikusten diren mendixka anitzetako batean dago, 641 metroko garaieran. Gopegitik sar gaitezke, Acosta/Okoiztara ere doan eta Zestaferaino joateko bitan banatzen den errepidetik.
Izena eta jatorria
“Zestave” toki-izena 871. urtean aipatu zen dagoeneko, zenbait noblek Okoiztako San Bizente monasterioari egindako dohaintzen inguruko eskutitzean. Emaileek San Bizenteri eta monjeei eskaintzen zizkieten jabetzak finkatu zirenean, Eribe eta Zestafe aurkitzen ditugu “Olleros bidetik” “Zatica biderainoko” ibilbidean (agirian bertan izen hori du), hau da, egungo Ollerieta eta Zaitegi herrian artekoan, Leintz haranetik Urduñako lurretara zihoan bide naturalaren tartean. Ondoren, 1087. urtean, Cestave izenarekin aurkitzen dugu, eta 1257an Cestafe idatzita agertzen da.
Egoera eta demografia
Kokapena dela-eta, Zestafe Zigoitiko lau kuadrilla historikoetako bigarrena zen. Kuadrilla, Zubialde ibaitik Santa Engraziaraino iristen zen eta Murua, Larrinoa, Gopegi, Etxaguen, Okarantza, Ruedas, Acosta, Zestafe eta Gorostitza (egun, Zestafe eta Acosta/Okoiztako auzoa) hartzen zituen.
Historian barrena, Zestafek zenbait gorabehera demografiko garrantzitsu izan zituela dakigu. Gorabehera horiek batez ere 1556. urtetik aurrera eman dira; urte hartan 18 bizilagun zituen. XVIII. mendearen amaieran, 18 bizilagun ziren, eta 73 biztanle. 1850ean 126 pertsona bizi ziren herrian. XX. mendearen hasieran, 22 etxebizitza eta 79 biztanle zeuden. Egun, 42 bat biztanle dira.
Bariko San Nikolas eliza
Parrokia-elizak Bariko San Nikolas izenpekoak, bere egunean izaten dira jaiak, abenduaren 6an, oinplano angeluzuzena du, eta hegoaldean apaizaren etxea du atxikita. Kanpai-horma du, bi zulo ditu eta han daude kanpaiak.
Elizaren osaketaren elementu gehienak erromanikoak dira: absidea, leihoak, harburuak, ateak eta barrualdea. Arte erromanikoaren aztarna gehien dituen Zigoitiko eliza da, eta talde homogeneo bat osatzen du. Elementu zaharrenak XIII. mende ingurukoak dira. Dena dela, ondorengo mendeetan zenbait gauza ere egin dira egituran gaur egun dagoen moduan utzi arte.
Eliza herriaren goiko aldean dago, herrigunearen hegoaldean. Hegoaldeko horma ezkutatuta eta babestuta dago apaizaren etxearekin, eta portikoaren alde bietara zabaltzen da. Portikoan aurrealde erromaniko oso interesgarria babesten da; gainera oso ondo zainduta dago.
Presbiterioaren hegoaldeko horman ere leiho erromaniko bat dago: ederki apaindutako erdi-puntuko bi arkiboltekin osatutakoa. Horma berean, teilatuaren erlaitzaren azpian sei harburu daude: animalien buruak, aurpegi antropomorfoak eta paldo antzeko baten kontra jarritako pertsonaia bat zutik irudikatzen dituzte. Apaizaren etxearen ganbaratik beste hamahiru harburu ikus daitezke; aurretik aipatutakoen antzeko motiboak dituzte.
Barrualdean, XVIII. mende amaierako erretaula nagusi neoklasikoa dago. Atal nagusian Bariko San Nikolasen irudi barrokoa dago, urre kolorekoa eta polikromatua da. Done Joanesen (San Joan) eta San Josefen irudiak ere daude, idulkien gainean jarrita. Goian, Gurutziltzatuaren irudi barrokoa dago, XVI. mende amaierako edo XVII. mende hasierakoa da. Sagrarioa, Apodakatik ekarri omen zuten pieza barrokoa da.
Erretaularen atzean osatu gabeko horma-pintura batzuk daude egun, nolabaiteko balioa dute, eta arkitektura-hondo lauzatua eta osatu gabeko zenbait pertsonaiaren figurak agertzen dira; sagrarioa (erdigunean) inguratzen zuten. Goian, arkua margotuta, eta Kristoren, Andra Mariaren, Done Joanesen (San Joan) eta Kalbarioaren irudien arrastoak ditu. Aipatutako pinturak presbiterioaren buruan egon ziren XVIII. mendean egungo erretaula jarri zen arte.
Irudiei dagokienez, Andra Mariari buruzko tailu ederra nabarmentzen da, Andra Maria motakoa. XIII. mendekoa da. Zaharberritu zuten eta egun Gasteizko Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoan dago.
Bataiarria ere badu, apaindu gabe. Sakristia karratuak, XVI. mendekoak, diagonalean jarritako nerbio-ganga, izar-klabeak eta lau apostoluen sinboloak ditu.
Pertsonaia ospetsuak eta bertako abizenak
Datu bitxi gisa, aipatzekoa da Erdi Aroaren amaieran Zestafen erregearen eskribau bat bizi izan zela, bertako bizilaguna zen, eta ofizio horretarako deitu zuten Errege-erregina Katolikoek 1494ko ekainaren 20an. Juan Martínez de Cestafe izena zuen, eta agiri-erregistroa galdu bada ere (oso interesgarria izango litzateke Erdi Aroaren amaierako Zigoitia hobeto ezagutzeko), Zestafen errege-eskribautza izatea herria ingurukoetatik nabarmendu zuen, zalantzarik gabe.
Bertako abizenei dagokienez, ondokoak aipa ditzakegu, besteak beste: Alava, Albisua, Fernández de Agirre, García de Kortazar, Izaga, Ruiz de Lazkano, eta leku-izenarekin osatutakoak, ondokoak: Diaz de Zestafe, Fernández de Zestafe, Martínez de Zestafe, etab.






