Zigoitiko ipar-mendebaldeko hainbat baserri (Goikoerrota, Errekamuna, Iñarragana, Bekoerrota edo Errotabarri, Arkesto, Ametserre eta Zubibarri) Zigoitiko udalerriak Ubidea eta Legutiorekin dituen mugetan daude.
Baserri horiek guztiak Zestafeko Batzarrera atxikita zeuden, baina gertuen zegoena 9 kilometrora zegoen, eta urrunena 13 kilometrora.
Erroldek baserri hauek zuten okupazioaren berri ematen digute: 1940an, 6 familia; 1950ean, 8; 1955ean, 9; 1975ean, 4; eta 1981ean, 6.
Baserriek Zestafeko nukleoarekiko zuten distantziak gorabeherak ekartzen zituen deialdiak, abisuak eta jakinarazpenak egiteko. Horren ondorioz, Zestafek ez zuen baserri hauekiko konpromisorik betetzen.
1981ean, baserrietako biztanleek esan zuten, legez Zigoitiko Udalerriko herritar izan arren, ez zeukatela lekurik udalerripeko erakunde batean ere, eta, beraz, egoera ezohiko bat bizi zutela, eta administrazioaren betebeharrak ezagutzen zituztela. Administrazioaren adierazpen ofizial bat eskatu zuten, eta hutsune nagusienak konpontzea: baserri batean argindarra jartzea, hiru baserritan uraren hornidura jartzea, sei baserritarako sarbidea.
Udalbatzak Arabako Batzar Nagusietara eraman zuen gaia, eta, honek, 1982ko uztailaren 14an honako ebazpena eman zuen: “Baserriak Zigoitiko Udalera daude atxikita, eta, honek, behar duten zaintza eskainiko die, eta erakundeen aurrean beren interesak kudeatuko ditu. Horrela, Zestafeko Administrazio Batzarrarekin herritar gisa zuten lotura amaitutzat ematen da”.
Garai hartan, baserri horietan 23 herritar bizi ziren, hau da, Zigoitiko hamazazpi herrien artean hamaikagarren postuan zeuden. Zestafeko Kontzejuan zazpi lagun bizi ziren.
Gaur egun, Zigoitiko ipar-mendebaldeko eremuan Zestafeko Batzarrekoak izan ziren sei baserriak sartzen dira. Eta baita hauek ere: Iñarragana(berritua), eta Landaluze (eraikin berria).
Zigoitiko erdigunean Okarantza baserria dago, Muruatik 2 kilometrora, Gorbeiako urtegietarako bidean, Zubialde errekaren ertzean. Baserri hau, jatorrian, errota izan zen, eta gaur egun oraindik badu errotaren ubidea.
Okarantza, batzuetan, Muruara atxikia agertzen zen, eta, beste batzuetan, Etxaguenera. Eliza kontuetarako, Larrinoako parte zen. Orain dela zenbait urtetik hona, “baserri sakabanatutzat” jotzen da, eta Zigoitiko Udalarekin du zuzeneko harremana.









