ABADELAUETA ELKARTEAN askotan esaten da izugarrizko zoriona izan dela hauek bezalako pertsonak gure ondoan edukitzea eta, Zigoitikoak ez izan arren, gertu eduki ahal izatea, erakartzen asmatzea eta egin diguten oinarrizko ekarpena jaso ahal izatea. Erreferentziala, oinarrizkoa eta ezinbestekoa izan da eskaini diguten laguntza. Eta oraindik eskaintzen digutena. Inoiz ez diegu nahiko ordainduko eta eskertuko ematen digutena.
Batzuen liburuak hasiera-hasieratik izan dira zutabe gure lanetan. Aspaldi dira askoren mesanotxeko liburuak. Beste batzuen presentzia iraunkorrak gidatu du urte hauetan talde honen lana. Gainerakoak azken urteetan egin-egiten-egingo ditugun lanen oinarrizko eta ezinbesteko gidariak, zuzendariak, laguntzaileak, teknikariak izan ditugu, berdin ordenagailu zein atxurrarekin.
Zigoitian azken urte askoan ondasun kulturalean egin diren oinarrizko lan askoren lan-buruak ditugu maixu eta lagun ditugun hauek.
Mila-mila esker!
JAVIER GOIKOETXEA MARTÍNEZ
“GOIKO, Okarantzako mutikoa”, Zubialde ibaiaren ondoan dagoen errota zaharra da, zuhaitzez inguratuta dago non udazkenean txorien kantua eta orroaldian oreinak entzuten baitira Gorbeiaren magalean.
Pertsona berezia, dibertigarria, alaia, eskuzabala, tolesgabea, sentikorra, espiritu askekoa…
Berea arte plastikoak ziren, eskultura. Eraikuntzan, hargintzan, baserriak zaharberritzen, birziklatzen eta, batez ere, Zigoitiko kultura ikertzen jardun zuen.
Iruñean jaioa, gazte-gaztetatik oso integratuta bizi izan zen Zigoitian: adiskidetasuna, harremanak, zaletasunak eta une onak partekatu zituen ezagutzeko zortea izan genuen pertsona guztiekin.
Bere denbora librea musikara eta gure sustraiak berreskuratzera bideratu zuen: argazkigintza, zaharren istorioak, leku interesgarriak, lanbideak, ohiturak… Jakin-min handia zuen gure jatorriari buruz, eta, gainera, gai zen bere berotasuna ingurukoei helarazteko. Ezin bestela izan, ABADELAUETA talde etnografikoaren ernamuinean parte hartu zuen.
40 urte zituela hil zen 2012ko San Martin egunean, Manurgako jaietan.
ESTEBAN ETXEBARRIA LEKUE
Esteban, “Zaharra”, hamahiru urte zituenetik ezagutzen den bezala behaketan, entzutean eta hausnarketan duen intentsitateagatik, 1948an jaio zen Zigoitiko baserri sakabanatuetako batean, Bekoerrotan, ia Bizkaiko mugan. Errota zahar bat, eta, agian, aurretik burdinola zena, Undabe ibaiaren ondoan dago, eremu basotsu aberats batez inguratuta.
Profesionalki metalurgiaren munduan murgildu zen pertsona, haurtzarotik bere babeslekua naturaz inguratuta egon da beti. Espazio horretan garatu du aisialdia baino gehiago, benetako basa-espiritua eta askea, ingurunearekiko benetako lotura.
Hala ere, erretiroa ondo aurreratu arte, bere etxea, jatorria, sustraiak… berrinterpretatzeko bizi-grina nabarmendu zen, Goikoren motibazio-harreman estuak eta Abadelauetan izandako inplikazio handiak eraginda.
Esperientzia horrek guztiak, ikasketetan eta ikerketetan buru-belarri aritzeak eta aditu jakintsuez inguratzen jakiteak altxor naturalen maisu eta Zigoitiko ondarearen dibulgatzaile aktiboenetako bat bihurtu dute.
FÉLIX PLACER UGARTE
1937 Bilbo (Bizkaia)
Apaiza Gasteizko elizbarrutian. Erromako Unibertsitate Gregoriarrean, Parisko Institutu Katolikoan eta Sorbonako Goi Ikasketen Eskolan ikasi zuen. Teologian doktorea eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua, Erlijioaren Pedagogiako masterra, Gasteizko Teologia Fakultateko eta beste teologia eta pedagogia zentro batzuetako irakaslea, gaur egun Zigoitiko eskualdean (Gorbeialdea) apaiza da, erretiratuta egon arren.
Hainbat gizarte-taldetako kide konprometitua eta aktiboa da; zehazki, Abadelaueta Elkarte Etnografikoaren sortzaileetako bat. Bere jakinduria, bizkortasuna eta buru-irekitasuna oinarri hartuta, mendizaletasunarekin batera, gure ondareari balioa emateko borrokalari nekaezina da.
Bibliografia pertsonal zabala du eta Euskadiko gai erlijioso, soziopolitiko eta kulturalei buruzko hainbat lan kolektibotan parte hartu du. Azken batean, pertsona konprometitua eta inplikatua da bere ikuspegi kritiko pertsonal eta eztabaidagarritik, gizarte eta gizatalde aberatsak lantzeko eta sortzeko, elkarlanean.
JAVI CASTRO MONTOYA
1953, Donostia (Gipuzkoa)
Kimika Zientzietan lizentziaduna. Esparru horretan aritu zen profesionalki, enpresa-zuzendaritzan, laborategi-buru eta industria-lubrifikatzaileak fabrikatzeko lantegietako aholkulari gisa, erretiroa hartu zuen arte.
Javi ez da bera 1983. urtean hasitako ikerketa-jarduerarako grinarik gabe. Bere inguru hurbilean hasi zen Mutriku eta Debako esparru etno-historikoekin, harik eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kide bihurtu zen arte, non etnografo espezialista eta errota-harrobietako erreferente gisa agertzen den.
2010etik Errotarri proiektuaren buru da, Euskal Herriko errotarri harrobiei buruzkoa. Ikertzeko gogo horrek Zigoitian lur hartzera bultzatu zuen 2017ko martxoan, errotarri harrobien katalogoa zabaltzeko asmoz. Helburua ondo beteta dago, baina ikertzaile eta dibulgatzaile nekaezin gisa egindako ibilbidea ez du inoiz bukatutzat ematen.
JOSU SANTAMARINA OTAOLA
Urrunaga (Legutio), 1993
Historian Graduatua (UPV-EHU). Paisaiaren, Ondarearen, Lurraldearen eta Hiriaren Kudeaketan Masterra. Historian eta Arkeologian doktorea.
Abadelauetaren ohiko kolaboratzailea Memoria Historikoaren arloan, Gerra Zibileko Arkeologia proiektuak zuzendu ditu San Pedro mendian, Amurrio-Urduñan (Araba-Bizkaia); «Guda-Otsak: Estudio arqueológico-patrimonial del frente exterior de la Guerra Civil en el País Vasco», Oketa inguruan, eta esku-hartze arkeologiko integrala Keturan, Zigoitian.
Gerra Zibilaren eremuko hainbat argitalpen eta prentsa-artikuluren egilea, gaur egun irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Nafarroako Memoria Historikoaren Funts Dokumentaleko (FDMHN) ikertzailea ere bada.
JOSÉ RODRÍGUEZ FERNÁNDEZ
Zurich (Suitza), 1975
Historian eta Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziatua UPV/EHUn. Historian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) irakaslea, Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia sailean.
Erdi Aroko, Aro Modernoko eta Garaikideko paisaia historikoei, azpiegitura publikoei eta industriaurreko teknologiei buruzko ikerketa bideratu du. Erdi Aroan eta Aro Modernoan ura eta gizarteko boterea, arkeologia eta eraikitako kultura-ondarearen kudeaketari buruz ere bai.
Arkeologo gisa, Arabako hainbat kanpainatan parte hartu du, ondare material historikoa ikertzea eta balioztatzea barne hartzen duten hainbat jarduera zuzenduz. Zigoitian azken urteotan egin diren arkeologia-lanetan presentzia handia izan du, eta Zigoitiko baso-lurraldeko Ondarearen Inbentarioa eta San Juan de Murabeko indusketa zuzendu ditu. Horietan, Abadelauetak parte hartu duen aktiboki.
Erdi Aroko bizitzari eta bizimodu modernoari buruzko argitalpen ugari egin ditu, eta bere azken ekarpen bibliografikoetako bat hiri-eliteei eta uraren kontrolari buruzkoa izan da, Gasteizko Behe Erdi Aroko errentak eta gizarte-garrantzia lortzeko estrategia gisa.
Elementos Menores del Patrimonio Arquitectónico en las Cuadrillas de Campezo-Montaña Alavesa, Laguardia-Rioja Alavesa, Añana-Valles Alaveses, Ayala-Aiara y Vitoria-Gasteiz argitalpenen egilekidea.
ÁNGEL MARTÍNEZ MONTECELO
Legazpi (Gipuzkoa), 1974
Historian eta Geografian lizentziatua UPV/EHUn. Arkeologo profesionala eta ikertzailea, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailaren ohiko laguntzailea.
Haren ikerketa-ildo nagusia paisaia eta Natura-Ondarearen eta Kultura-Ondarearen arteko harremana aztertzea izan da. Arabako Landa Arkitekturako Elementu Txikien inbentarioetako batzuetan parte hartu du, Victorino Palaciosek zuzenduta (Aguraingo eta Arabako Lautadako koadrilak, Kanpezu-Arabako Mendialdea, Guardia-Arabako Errioxa eta Vitoria-Gasteiz). Bere azken lanetako asko mendiko arkeologiaz arduratu dira, basoetan prospekzioak eginez eta zailtasun handiko lekuetan. Zigoitiko Ondare-Inbentarioa da garrantzitsuenetako bat.
Landa-jarduera batez ere Araban egiten du, baina Bizkaian, Gipuzkoan eta Errioxan ere egin izan du. Argentinako eta Italiako proiektu batzuetan ere parte hartu du. Landutako kronologiak Historiaurre Hurbiletik Aro Garaikidera bitartekoak dira. Zigoitian, karobi batzuetan (Murua eta Etxaguen), Madalenaren ermitan (Etxaguen), San Estebanen ermitan (Etxabarri-Ibiña), Atxuriko kokalekuan (Oketaren iparraldean) eta Arbinako iturrian (Eribe) egindako lan arkeologikoak zuzendu ditu.
Irakaskuntza-lanak ere egiten ditu, batez ere Gasteizko Udalaren kultura-ikastaroetan, eta hainbat gairi buruzko eskolak ematen ditu (paisaia, arkeologia, klima-aldaketa, geologia-ondarea…).
Argitalpenen artean, aipatzekoak dira Arkeoikuska urtekari arkeologikoko artikulu ugari eta Araba eta Gipuzkoako Partzuergo Orokorraren historiari buruzko monografikoko egilekidetza. Duela gutxi Iruña-Veleiako gida arkeologiko bat argitaratu du.
YOSEBA ALONSO ARRATIBEL
Ordizia (Gipuzkoa), 1955
Beasaingo CAF enpresan garatu zuen bere bizitza profesional osoa.
Bere kezka kulturala oso goiz garatu zen artearen munduan (argazkigintza eta pintura) joan den mendeko 80ko hamarkadan.
2000. urteaz geroztik, mugarriztatzeen munduan espezializatu da. Gipuzkoan barrena ibili da lanean, kontuan izanda udal-mugak kokatzeko alderdi nagusiak erreferentzia dokumentala izan behar duela beti. Horretarako, aldez aurretik, paleografian espezializatu zen Nafarroako Artxibo Orokorrean (AGN).
Herri ezberdinetako mugarriei buruzko hainbat liburu idatzi ditu: Beasain, Gurugarreta, Usurbil, Zizurkil… eta Zigoitia.
Gaur egun, gure lurraldeko saroien mugei buruzko ikerketa-lanaren buru da.
VICTORINO PALACIOS MENDOZA
Bajauri, 1948
Ondare eraikian teknikaria, Landa Arkitekturako Kabineteko zuzendari gisa garatu ditu bere ikerketa- eta lan-bizitza. Arabako lurralde historikoan zehar milaka eraikin eta azpiegitura historiko identifikatu, katalogatu eta balioztatzea izan da bere ekarpen garrantzitsuena.
Horrela, «Inventario de Arquitectura Rural Alavesa»bildumaren (8 liburuki, 1981-1998) eta «Patrimonio Arquitectónico. Elementos Menores» (7 liburuki, 1998-2022).
Argitalpen zehatz horiei eta beste batzuei esker, Victorino Palaciosen lan eskergak Arabako lurralde historikoa gure lurraldeko landa-guneetan sakabanatuta dagoen kultura-ondare eraikiaren ezagutzaren, kudeaketaren eta kontserbazioaren abangoardian kokatzea lortu du, eta erreferentzia izan da ondorengo ikerketa askorentzat.
MICAELA PORTILLA VITORIA
Micaela Josefa Portilla Vitoria (1922/7/30 – 2005/10/8), Gasteizen jaioa, XX. mendeko antropologo, historialari eta pedagogo garrantzitsuenetako bat. Azterlan eta argitalpen ugariren egilea, irakaskuntza, ikerketa eta dibulgazioarekin uztartu zituen.
1993an, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Micaela Portilla Honoris Causa doktore izendatu zuen lehen emakumea izan zen.
Maistra izen zen Aramaion, Agurainen eta Gasteizen, eta unibertsitateko Irakasle-Eskoletako katedraduna (Cadiz, Madril, Gasteiz), Historian doktorea eta Arte Ederretako eta Historiako Errege Akademietako akademikoa. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko eta Eusko Ikaskuntzako kide izan zen.
Gasteizko Alaba Kutun eta Aiara Haraneko Alaba Adoptatu izendatua. Arabako Urrezko Domina eta Euskalerriaren Adiskideen Domina jaso zituen.
Gure lurraldean erreferentzia historikoa duen bibliografiaren egilea: Catálogo Monumental de la Diocesis de Vitoria (7 liburuki, 1968 – 1988), Torres y casas fuertes de Álava (1978), Quejana, solar de los Ayalas (1983) edo Las torres de Mendoza y Mártioda (1985), besteak beste.
JOSÉ ANTONIO GONZÁLEZ SALAZAR
Gasteizen jaioa (1940/11/29)
Apaiza, Arkeologian On Jose Migel Barandiaranekin batera hasi zen , baina laster ekin zion bere ikerketei etnografiaren arloan.
Arabako Etnografia Mintegiko kidea eta Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko aholkularia. Etniker Euskalerria taldeen Eskualde arteko Batzordeko kide da.
Arabako Foru Aldundiak argitaratutako Cuadernos de Toponimia (1985-1998) bildumako zortzi liburukitan jasotzen da Arabako Toponimia Txiki osoa. Euskaltzaindiak bultzatutako Gasteizko Toponimia Historikoa (1996-2005) proiektuko zuzendari teknikoa izan da.
ATANASIO VERGARA AVELINA (Garde 1923-Gopegi 1993)
Lizarrako merindadean errotutako “ministrante” (praktikanteak), idazkari eta organisten familia batean jaio zen.
1942an iritsi zen Zigoitira, bitarteko-idazkari gisa. Ondoren, Leintz Gatzagan, Busturian, Fagon (Huesca) eta Arabako hainbat udaletxetan jardun zuen. Nahiz eta inon ez zen arrotz sentitu, Zigoitia izan zen beti beretzat hartu zuen lurraldea.
Vergara pertsona alaia, metodikoa, tolesgabea eta oso fededuna izan zen. Bere pasioetako bi musika eta historiografia izan ziren, eta honi eskaini zizkion azken hamarkadak.
Musikaren arloan, abesbatzak zuzendu zituen, pieza txikiak konposatu zituen San Roke edo Santa Luziari, eta edozein instrumenturekin animatzen zituen festak eta elizkizunak. Maisu Turrillas nafarra miresten zuen, bere familiarekin adiskidetasun on batek lotzen zuelarik.
Atanasioren ekoizpen literarioa zabala eta heterogeneoa izan zen: kronikak, Goikolea ezizenarekin sinatzen zituen erripoak, Udal Informazio Buletinean aipamen historiko eta kostunbristak, artikuluak eta monografiak, hala nola Saez de Buruaga leinuari eskainitakoa.
Garmendia Arruebarrena edo Iturrate bezalako historialariekin lan egin zuen, baina bere burua Micaela Portillaren ikasletzat jotzen zuen, eta hura izan zen heriotza ohean bisitatu zuen familiatik kanpoko azken pertsona.
Vergara gogotsu egongo litzateke gaur egun Zigoitiko dinamismo kulturalarekin, Abadelauetan, Mairu Abesbatzan eta beste ekimen batzuetan kristalizatua.







