Gizakiek sua kontrolatzen ikasi zutenetik, ikatzaren ezaugarriak ere deskubritu zituzten. 15.000 urte baino gehiagoko margo paleolitikoetan arkitu dira ikatzaren erabileraren zantzuak. Historiaurrean oraindik, duela 2.700 urte, burdina erabiltzen hasi zenean, egur-ikatzaren erabilera ezinbestekoa egin zitzaien metala lortzeko meatik abiatuta, egurrak ezin baitzituen lortu beharrezkoak ziren tenperatura altuak.
Gure mendietan ikatz asko atera da, Gorbeia zein Arratoko baso inguruetan aurki dezakegun ikaztegi kopurua ikusita. Lehenengo zonan pago egurra lortzen zen batez ere, eta haritz gutxixeago; Arraton, berriz, artea erabiltzen zen, zeinaren ikatza baitzen preziatuena.
Ikazte-prozesua
Normalean koadriletan egiten zen lan, eta lehenengo gauza “lantegian” kokatzea zen, nafarrek esaten zioten bezala, txabola eraikiz. Txabola horrek behar adina denbora hartuko zien lana egin arte. Soropilezko adarrez eta zepez baliatzen ziren; barruan, iratzez betetzen zituzten kamainak.
Ondoren egurra mozteko eta zatitzeko lan gogorra zetorren, hilabeteak iraun zezakeena. Bi lagunen arteko trontzaz mozten zen, edo aizkoraz, lodieraren arabera, gero aizkoraz irekitzen ziren enborrak, edo behar izanez gero, ziriz eta porraz. Egurra ikaztegiraino eramateko lana ez zen gutxiago gogorra, eskuz egin behar baitzen, aldapek eta bestelako oztopoek ez baitzuten animaliarik erabiltzeko aukerarik ematen. Ikazkinak izan ziren, batez ere, zuhaitzak mozteko teknika garatu zutenak, hau da, adar nagusia bi metroko altueran inaustea, alboko adarrak garatzea erraztuz. Adar horiek aprobetxatzen ziren, eta gutxi gorabehera 20 urtean behin mozten ziren. Horrela egur produkzioa biderkatu egiten zen, zuhaitzaren bizitza luzatu, eta tarteka larrearen aprobetxamendua ahalbidetzen zuen. Zigoitian haritz- eta pago-ale motz bikainak ditugu, “argimutil” itxurakoak. Etorkizun zalantzagarria dute, inausketa-prozesua duela 60 urte baino gehiago eten baitzen.
Plataforma edo “plaza” prestatzeko ere esperientzia pixka bat behar zen. Guztiz horizontala izan behar zuen; horretarako goiko partean lurra kentzen zen eta behekoan batzuetan harrizko horma bat eraiki behar izaten zen. Oinarria lurrezkoa zen, eta aurreko ikaztegi batetik errea bazen, hobe. Diametroa aldatu egiten da jarri behar zen egur kantitatearen arabera, normalean sei tona inguru, nahiz eta batzuetan 30 tona ere egin ziren; ikatza pisuaren laurdena izatera iristen zen.
Arraton edo Gorbean ikusten ditugun ikaztegiek hamar bat metroko diametroa dute, eta haien inguruan egur moztuak pilatzen ziren. Behin egurra mozteko lana bukatuta, “txondorra” armatzekoa zetorren. Lehenengo gauza erdian hesola bat sartzea zen, erdiko tximinia sortuko duena, eta bere inguruan enborrak bertikalean jartzen dira, lodienak behean eta argalenak goian. Elkarren artean hutsunerik gera ez zedin jartzen ziren. Egurra pilatu ondoren, dena orbel edo iratze geruza batez estaltzen zen, eta azken hau, gainetik, lurrezko beste batez, erdiko tximinia libre utziz.
Piztea: egurraren egosketa hasten da
Txondorra zulo horretatik pizten zen, txingar piztuekin ezpal mehez betez. Sua kanporantz irteten hasten zenean, tximinia txapa batekin estaltzen zen, airerik sar ez zedin; horrela, errekuntza moztuz, egurraren ikazte- edo “egoste-prozesua” hasten zen. Faserik delikatuena zen hau, etengabeko zaintza eskatzen zuena, edozein deskuidok aurreko lan guztia honda zezakeelako. Alboko haizebideak egiten ziren, eta horietatik kea ateratzen zen, txikiak; izan ere, oxigenoa sartzen bazen eta erretzen hasten bazen, dena galtzen zen, eta behar adina arnasten ez bazuen, prozesua ez zen osatzen, eta galdu ere egiten zen.
Egurra egosten zihoan neurrian, egostearen bolumena txikiagotu egiten zen, eta hutsuneak geratu egiten ziren. Zuloak berehala bete behar ziren ezpalak erabiliz. Lan horri betagarri deitzen zitzaion, baina ez zegoen arriskutik kanpo, barruan 700 graduko tenperaturak ere izaten baitziren. 10-15 egunen buruan, kearen kolore urdinxkak eta usainak ikatza prest dagoela adierazten diote ikazkinari. Beste 5 egun irauten zuen hozte-lanak. Behin hotzean ikatza 30 edo 40 kiloko zakuetan sartzen zen, eta jaitsi egiten zen saldua izateko.
Ikazkintza Zigoitian
Euskal Herrian burdinolek eta sutegiek funtzionatzen zuten garaian ikatzaren ekoizpena arautu egin behar izan zen, basoen biziraupena arriskuan egon baitzen. Hiru lurraldeetan debekatuta zegoen ikatza probintziatik kanpo saltzea. Ildo horretan, Zigoitiko Ermandadearen 1609ko ordenantzek ikatza egiteko baimena eskatzera behartzen dute, eta “ikatza zein zati eta lekutan egiten duen adierazi behar da, gurdiarekin sartu ezin den tokian”.
Gure auzokideen artean, ikazkintza lana soro eta abereen lanen osagarria izan zen, nekazaritza lanak hain astunak ez ziren garaietan, normalean udaberrian eta udazkenean. Baina baziren ikazkin profesionalak ere, leku batetik bestera mugitu eta beste toki batzuetatik gure mendietara etortzen zirenak.
Zigoitian azken ikaztegiak 60ko hamarkadaren hasieran piztu ziren. Ez dugu horretan lan egin zuen inoren testigantzarik, baina bai mendian jarduna ezagutu zuten askorena. Horrela, Letonan enkantera ateratzen ziren arte-loteak, herriak gastu handiren bat egiteko asmoa zuenean. Adineko bizilagunek oraindik gogoan dituzte patroien izenak, Larragoako bi anaia, eta Iturburun “lantegia” izan zuten Antzineko hiru ikazkinak.
Antonio Manzarbeitia, Muruako bizilaguna, lan horietan aritzen zen, baina mendian lan egin beharrean, mendia etxera jaitsi eta txondorra larrainean egiten zuen, edo oholak eskuz zerratzen zituen bere emaztearekin batera.
"Cisco (*) de roble, carbón de encina, van pregonando los carboneros por las esquinas”
(*) Ikatz oso xehea, ia hautsa, “hecho cisco”, bereziki sutontzietara bideratua