Data: 2020-2023
Eragilea: Abadelaueta Elkartea
Zuzendaritza/Diseinua:
Josu Santamarina Otaola
Abadelaueta Elkartea
Gogora
Zigoitiko Udala (Jon Toña)
Babeslea: Zigoitiko Udala
Ibilbidea:
0.- Sarrera
1.- Sarrerako kartela
2.- Ketura
3.- Aurrez aurre
4.- Olartegiko bunkerra
5.- Olartegigana
6.- Planimetría mahaiak Olarren eta Karakoatxan
7.- Zizkino
8.- “Bon Disciplinario”-a
9.- Gorrien bidea
10.- Ubide-Santa Engrazia bidegurutzea
11.- Santa Engrazia
12.- Tiratzaileen gunea
0.- SARRERA. ZIZKINO ETA SANTA ENGRAZIATIK IBILBIDEA
Ibilbide honek Euskadin Gerra Zibileko (1936-1937) fronte errepublikanoaren zati txiki bat zeharkatzen du. Bidezidor, belardi, pinudi eta pagadien bidez, Santa Engrazia ibaiaren –erreka bat baino gehixeago da– arro hidrografikoaren mugak jarraitzen ditu gutxi gorabehera, nahiz eta Gorbeiako Parke Naturalean kokatuta dagoen, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko erdialdeko birikan. Hasieratik esan beharra dago lekuaren ingurumen-ondaretik harago doala ibilbide horren paisaia-balioa, oraintsu gertatutako prozesu historiko nola traumatikoa, gerra, ulertzeko gako batzuk ematen dizkigun neurrian. Jarraitu irakurtzen…
1.- SARRERAKO KARTELA
2019an balizatu behar bazen ere, atzeratu egin da. Hala ere, jarriko diren QR kodeen informazioa Zigoitia Udalaren web orrian aurki liteke.
Gorostizatik Barazarreko errepidea hartu aurretik ehunen bat metrora aparkatu liteke. Ezkerreko bidea hartu, eta larre batetik igo behar da. Larre horretan bertan lurperatu zituzten eraildako Elosuko 17 lagunak. Handik gutxira iritsiko gara…
2.- KETURA
Bidearen alde banatan ikusiko ditugu Zigoitiko bunkerrik osotuenak eta interesgarrienak. Urtegiak, eta ondorioz egindako lur mugimenduek, eta Zigoititik datorren errepide “berriak” inguruko paisaia asko aldatu badute ere, oraindik ondo gordetzen dute beren izaeraren arrazoia. Ingurura begiratzerik baino ez dago.
Horrez gain, bertan dauzkagun grafitiek leku eta garaiko berebiziko informazioa ematen digute. Oraingoz, Zigoitian dugun gai honen inguruko gune arkeologiko bakarra dugu, hortik duen garrantzia.
Villarrealeko Batailaren ondoren, frontea berriro egonkortu egin zen; egitez, “solidotu” egin zen frontea. Gerra posizioak, ordura arte modu prekarioan eraikitakoak, sendotu egin ziren, eta hormigoizko gotorleku bana eraiki zen lubaki eta arantzazko alanbreen ondoan. Keturako metrailadorearen bi habiak dira horren adibide ona. Gotorleku horiek Errepublikaren lehen lerroaren zati ziren, eta 1937ko martxoaren 10ean amaitu ziren. Dataren zehaztasunaren arrazoia da gotorlekuek berek halaxe azaltzen digutela. Jarraitu irakurtzen…
3.- AURREZ AURRE
Bidean aurrera eginda, goi-tentsio kableen azpira iristen garenean, beti ere Gasteiz aldera begira, kable bidean eta aurrez-aurre ikusiko ditugu frankisten postuen kokapena.
Olartegiko Pasabide honetatik aurrera ia bi kilometroko luzera duen errepublikanoen defentsa-lerro handi bat zabaltzen da. Posizio horiek, antza, 1937ko urtarrila eta apirila bitartean gotortu ziren. Lasaitasun tirabiratsuen hilabeteak izan ziren horiek, nonbait, euskal frontean. Villarrealeko Bataila tragikoaren ondoren, bi aldeak jabetu ziren eraso zuzenera jotzekotan pairatzen zuten zaurgarritasunaz, eta, hori dela eta, euren posizioak gotortzen aritu ziren, gogorkiro gainera. “Frontearen solidotzeak” eremu honen “muga” zentzuaz ere ari zaigu. Jarraitu irakurtzen…
4.- OLARTEGIKO BUNKERRA
Ondoren landatutako pinudi batean, bidetik oso gertu, bunkerrera eta ingurua zeharkatzen duten lubakietara iritsiko gara. Hemen ere ia zuhaitzik gabeko paisaia irudikatu behar dugu, desagertutako posizioen garrantzia ulertzeko. Olartegiren defentsa-lerro horretan, adibidez, lubakien sigi-saga bihurria ikus dezakegu, baita hormigoizko bunker gotortu bat ere, angeluzuzena. Posizio horiek guztiak hegoaldera begira daude, Arabako Lautadara, armada frankistaren esku.
Olartegiko defentsa-lerro errepublikanoa EAJren “Gatzaren Matxinada Batailoia” izenekoaren esku zegoen. Batailoi horrek, besteek bezala, bere borrokalariek estimutan zuten gertaera edo pertsonaia historiko batengandik jasotzen zuen bere izena. Gogoan izan behar da beste euskal batailoi batzuek honako izen hauek zituztela: “Sacco eta Vanzetti” anarkista (1927an AEBetan exekutatutako bi sindikalista etorkin italiarren omenez), “Rosa Luxemburgo” komunista (1919an exekutatutako izen bereko militante alemaniarraren omenez). Jarraitu irakurtzen…
5.- OLARTEGIGANA
Aldaparen amaieran, mendi honen iparraldeko hegalean, oraindik ere ikusten dira hegoalderantz gotortutako posizioen aurriak eta iparraldean harrizko txabolen aztarnak. Ikertu ez badira ere, hemen kanpatutako troparentzat babesleku izan zitezkeen.
Eusko Gudarostearen aldetik gotorlekuen eraikuntzak 1937ko martxoan jo zuen bere une gorena. Ustezko ofentsiba aurreikusita, agintari errepublikanoek txosten batzuk egitea agindu zuten lanen egoera ezagutu ahal izateko.
Egitura hauek guztiak eta gotortzeko esfortzua alferrikakoak izan ziren etsaiek aurrera eraman zuten ofentsiba handiaren aurka.
6.- PLANIMETRIA MAHAIAK OLARREN ETA KARAKOATXAN
Goialdean, bideari jarraituz, hormigoizko bi plataforma daude, lehena Olarre gainean eta bigarrena Karakoatxan. Garai batean leku irekiak ziren, ia landaretzarik gabeak, biak oso antzekoak tamainaz eta formaz, nahiz eta Karakoatxarenak beheko barrunbe txiki bat izan. Kontsultatutako iturrien arabera, planimetria-mahaiak tiroko behaketa- eta doitasun-lekuak ziren, eta Ubide inguruan ezkutatutako kanoi-bateriekin komunikatzen ziren, tiroak zuzendu ahal izateko.
1937ko martxoaren 13an Arabako Frontearen buruak, Gabriel Aizpuru teniente koronelak, “Rebelión de la sal” batailoi abertzaleak defendatzen zituen posizioei buruz zera idatzi zuen: Jarraitu irakurtzen…
7.- ZIZKINOKO TXABOLA
Mendipean berritu berria dagoen txabolaraino iritsiko gara: “Pipas”, Antonio, Zizkinoko txabolara, alegia. Bertan elkartzen dira Ubidetik datorren “el camino de los rojos” edo “gorrixen bidea”, Muruko harrrobietatik datorrena eta ekarri dugun Gorostizakoa; inguruan hainbat gune interesgarri aurkituko dugu, gerrakoak ezezik, kobazulo, zurrunpo, herrixka arrasto, artzantza guneak…
[…] Izan ere, gatazka hasi zenean egun Gorbeialdea denaren eskualde osoan bi aldeek errezeloz begiratzen zieten artzainei. Lurralde ez oso handi baina astun eta ez oso ezagun bateko transhumante horiek ez zuten alde batekoen edo bestekoen ezagutza espezifikorik, eta batzuen eta besteen espioitza-susmoen jomuga izaten ziren. Jarraitu irakurtzen…
8.- “BON. DISCIPLINARIO”-A
Leisarandarantz berrehun bat metro atzera eginez gero, bertan sortzen den errekatxo batek zeharkatzen du bidea, azpitik jarritako porlanezko hodi batetik. Harri pilo batzuk daude bide-seinale bazterrean. Errekatxoari jarraitu berrogei bat metro beherantz, eta leize ikusgarri batean desagertzen da. Halako beste asko daude inguruan (zurrunpo eta torko esaten zaie Zigoitian), eta xarma berezia ematen diote lekuari. Baina honek sekretu ikaragarria gordetzen du bere baitan: barruan dagoen kobazulo batean gerrako gatibuen kartzela-babesleku izandakoa aurkituko dugu. Kontu handiz bertaraino jaitsi liteke eta sarreran, hizki onez zizelaturik irakur liteke B(atallón) Disciplinario. Gainerako istorio guztiak errazak dira imajinatzen.
[…]Haitzulo horrek sarbide zaila du, eta, gainera, leizearen ertzaren edozein aldetatik kontrola daiteke. Leize horretako bizi-baldintzak benetan zailak izan behar zuten, baina badirudi Eusko Gudarostearen beharrak eta “erreboltari” deiturikoen zaintza eta zigor printzipioak presoei tratu zuzena ematearen gainetik lehenetsi zituztela. Izan ere, gatazkaren testuinguruan, demokrazia errepublikanoaren eta euskal autonomiaren defentsaren bandoan zigorra izugarri irmoa izan zitekeen, gerra gero eta gehiago gogortuz joan zen heinean, batik bat. Jarraitu irakurtzen…
9.- GORRIEN BIDEA
Bertatik ateratzen zen Ubiderainoko bidea, Errepublikako presoek egina, gerra materiala, armak-eta Zizkino aldeko frontera igotzeko. Ez dakigu zenbateraino erabili zuten militarrek, mendizaleek ordea, sarri, eta bertatik egingo dugu beherantz. Abiapuntutik gertu, txabolaren azpian aurkitzen da inguruko pagorik handiena, “candelabro” tankerakoa. Ederra, benetan.
[…]Eusko Gudarosteak mendiko hainbat errepide eraikitzeari ekin zion, hainbat defentsa-linea lotzeko eta postu horiek behar bezala hornitzeko. Hala, 1937ko lehen hilabeteetan, Diziplina Batailoiaren eskulana arduratu zen Bizkaiko Ubidea herria –sektore buru eta kuartela zen– Gorbeiako urtegiekin lotuko zuen bide bat eraikitzeaz. 1937ko martxoaren 31n, frankisten erasoaldi handia hasi zenean, errepide hori artean amaitu gabe zegoen. Jarraitu irakurtzen…
10.- UBIDE-SANTA ENGRAZIA BIDEGURUTZEA
Erdi bidean, ondo seinaleztatuta, bidebanatze bat aurkituko dugu, eta Ubidera edo Santa Engrazia ermitara eramango gaitu, errepidea babesten zuten lubakien eremu batetik.
[…] “Gorrien Bidea” uzten denean bideak behera egiten du, baina oraingoan errepublikanoen bigarren defentsa-lerro baten ibilbideari jarraituta. Olartegiko posizioetan bezala [2, 3 eta 4], lerro luzeko sigi-saga bihurgunetsuak erritmo berezia eransten dio paisaia honi. Lubakiak malda oso handietara egokitzen saiatuz eraiki ziren, mapa bateko sestra-kurbak nola, baina defendatzaileei zaintzarako eta defentsarako postu onak eskainiz. Jarraitu irakurtzen…
11.- SANTA ENGRAZIA
Bidegurutzetik metro gutxira, harrobi batetik igarota, ermita eta ostatua daude galtzada zaharraren oinean. Bolborategia eta artilleriaren kokalekua izan zen gerran, urtegiko obretako langileen barrakoiak eta etxe partikularra azken urteetan.
[…]Santa Engrazia baseliza festa eta bilera gune garrantzitsua izan zen denbora luzez. Urtero, apirilaren 16an, inguruko herri guztietako bizilagunak joaten ziren bertara, ondo pasatzeko asmoz. Helburu hori lortzea erraza zela zirudien, Villarrealeko Udala (egun, Legutio) bertaratutakoentzako ardoz betetako hainbat zahagi jartzeaz arduratzen baitzen.
Gerra Zibilean, baseliza Eusko Gudarostearen aterpe eta biltegi izan zen. Garai hartakoak dira seguruenik adierazpide artistiko oso berezi batzuk, eraikinaren barruan oraindik ere ikusgai daudenak. Jarraitu irakurtzen…
12.- TIRATZAILEEN GUNEA
Santa Engraziatik bidera itzuliz, errepide nagusiarekin paraleloan jarraituko dugu eta errepidea estaltzeko lubakien eta tiro-postuen gune batera eramango gaitu. Aurrera jarraituz, Keturako bunkerretara eta aparkalekura eramango gaituen zirkulua itxiko dugu.
UBIDE
Olagotitik bide nagusitik jarraituz gero, jatorrizko “bide gorriari”, Ubidera eramango gaitu, gerra materialak igotzeko propio eta zuzen egindako zubiraino. Geroko batzuen axolagabekeria eta besteen egoismoak ixten digu berezko bide amaiera, eta pilotalekutik bueltan egin beharko dugu txangoa amaitzeko.
-(erdaraz) https://vimeo.com/219643310
“Gerra-grafitiak. Keturako gotorleku errepublikarren azterketa arkeologikoa” “online artikulurako esteka.
(Araba/Álava)”: http://revistes.ub.edu/index.php/ebre38/article/view/22001